Zuri-beltzetik modernitatera, esperimentutik

Alberto Schommerren ibilbide osoko obrak bildu ditu Kutxa Kultur Arteguneak, Donostiako Tabakaleran. Erakusketa oparoa da, haren joera guztien isla dakarrena

Schommerren Retratos psicológicos saileko irudiak, Kutxa Kultur Artegune aretoan, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARP.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2016ko abenduaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pintura eta zinema maite zituen gaztetan Alberto Schommerrek (Gasteiz, 1928-Donostia, 2015), baina azkenean argazkigintzan topatu zuen bere kezka artistikoak bideratzeko baliabidea. Ez zen hain harritzekoa, aita ere, Alberto Schommer Koch, argazkilaria baitzuen. Baina aitaren jardunari klasiko eta estandarregia irizten zion, estudioari lotuegia. Argazkigintza «transzendentziatik eta ikuspegi artistiko» batetik lantzea izan zen Schommerren asmoa hasiera-hasieratik. Hala dio Nicolas Caslak, argazkilariaren iloba eta Schommer fundazioko kideak. Asmo horren bilaketan ondutako obraren parte handi bat bildu dute Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Artegunea aretoan.

Alberto Schommer ... modernitaterantz erakusketak argazkilariaren mende erditik gorako obrarik aipagarrienetako batzuk biltzen ditu. Lan gehienak Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumakoak dira; 2010ean egindako Alberto Schommer. Atzera begirakoa 1945-2009 erakusketaren ondoren egileak berak museoari emandakoaren parte dira, hain zuzen ere. Schommer fundazioko beste lan batzuekin osatu dute erakusketa. Lan horiek ez dira hain ezagunak eta Nicolas Caslak hautatuak izan dira. «Bere obra osoa balioetsi nahi dugu, ez dadila ahanzturan erori». Orotara 89 lan daude ikusgai erakusketa aretoko bi solairuetan. 2017ko martxoaren 19ra bitarte egongo da zabalik erakusketa.

Irudimena aske

Argazkilariaren bilakaera ezagutzeko ibilbide bat proposatzen du erakusketak: hasi Gasteizen eta Hanburgon —jatorri alemaniarrekoa zuen aita, eta hara bidali zuten gurasoek argazkigintza ikastera— egindako zuri-beltzeko lehen argazkietatik, bidaietan ateratako paisaia eta pertsonaia erretratuetatik igaroz, eta bere jarduera esperimentaleraino. Lehen garaietan AFAL taldean sartu zen, eta bere berrikuntza kezkak partekatu zituen bertako argazkilariekin. Jorge Oteizaren eskutik Orain taldean ere aritu zen, eta behin Madrilera joanda, ZAJ kolektiboan ere bai. Hastapenak zituen horiek.

Zirkulua itxiko balu bezala, pintura abstraktu eta surrealistarekin lotura duten irudiekin, natura hil garaikide moldea zutenekin ixten da erakusketa. Haren ibilbideko argazkirik ezezagunenak dira, Schommer fundazioak eskuragarri jarri dituenak. «Fotopintura moduko batzuk dira; haren lehen bokazioarekin harreman estua mantendu zuela azaltzen dute», Caslaren hitzetan. Esperimentazioaren bidean bere irudimena «aske» utzi zuen Schommerrek: «Ihes egiten du errealitatearen transkripzio hutsetik, eta argazkigintzaren mugetan kokatzen diren lanak metatzen ditu, esperimentazio formalari loturiko era guztietako teknikaz eta euskarriz baliatuz. Batzuetan esku-hartzea argazkia hartu aurretik egiten du, eszenaratze antzeztuen bidez, baina gero ere manipulatzen ditu irudiak foto-muntatzeen bidez, negatiboak gainjarrita edo collageak eginda».

Ariketa horien adibide argiak dira Retratos psicológicos (Erretratu psikologikoak) saileko lanak. Besteak beste, Eduardo Txillida eskultorea, Salvador Dali pintorea eta Jose Hierro poeta erretratatu zituen; Hierro tximeletak, sorgin-orratzak eta matxinsaltoak aurpegiaren gainean zituela (erakusketaren kartelaren irudia da). Espainiako gizartearen boterea, ekonomia eta kultura eszenaratu zituen 1970 eta 1980 artean. «Franco bera ohartu zen bere argazkiek atzean bazutela kritika politiko eta soziala, eta bere ministroei esan zien ez ziezaiotela utz 'argazkilari atzerritar horri' beraiei argazkirik ateratzen».

Erretratuaren mundua «bere gailurrean utzi» eta 1989ko hamarkadaren amaieran aldaketa une batera iritsi zen Schommer, «kalera irten baitzen formatu txikiko kamerekin bere lehengo urteetan bezala». Erakusketaren atal garrantzitsu batek islatzen du hiriekin izan zuen mira: «Erroma eta New York modu paraleloan erretratatu zituen, zibilizazioaren hasiera eta bukaera sinbolizatuz; edota Paris eta Berlin Europako ardatza osatzen zutelakoan». Halaber, giza paisaiatzat uler litezkeen Màscaras (Mozorroak) serieko zuri-beltzeko lanek ere presentzia berezia dute erakusketan. «Protagonisten zimurrak euren biografiaren paisaia metaforiko bihurtzen ditu». Besteak beste, Gabriel Celaya, Rafael Alberti eta Jose Luis Lopez Aranguren idazleen erretratuak dira atal horretako indartsuenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.