Literatura

Zurien gailentasunaren kontra, ironia

Sherman Alexie idazlearen lana giltzarri da gaur egungo indiar-amerikar errealitate konplexua ulertzeko.

estibalitz ezkerra vegas
2012ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Urriaren 8an Columbus Day delakoa ospatzen dute Amerikako Estatu Batuetan. Hego Amerikan eta Espainian, berriz, Hispanitatearen Eguna dute urriaren 12a. Aipatu bi egun horietan, gertaera bera gogoratzen da, hots, Kristobal Kolon eta haren eskifaia gaur egun Amerika moduan ezagutzen den lurraldera lehen aldiz iritsi zirenekoa, 1492an. Horrela esanda, eman dezake Ipar zein Hego Amerikan mundu guztiak bat egiten duela ospakizunarekin, baina ez da egia. Hain zuzen, urteak dira lurralde horretako indigenak bai Columbus Day bai Hispanitatearen Eguna egutegitik ezabatzeko eskatzen dabiltzala. Aurten ere beste horrenbeste gertatu da. Aurreko astelehenean, The Guardian egunkariaren sareko edizioan, Oglala Lakota Sioux tribuko kide Dana Lone Hillek Amerikako indigenen kontrako genozidioa diskurtso nazionalista akritikoaren eta kontsumistaren ospakizun bihurtu dela salatu zuen Columbus Day: no cause for celebration (Kolonen Eguna: ospakizunetarako arrazoirik ez) izeneko artikuluan. AEBetan nazioaren sorrera uneari loturiko data izan ez ezik, udazkeneko merkealdiaren barruan egun handienetako bat da Columbus Day. Izenburutik bertatik Hillek argi uzten du genozidioaren biktimen ondorengoek urriaren bigarren astean ezer ospatzeko arrazoirik ez dutela, ez bada beren arbasoen memoria eta kolonizazio unetik hona herri indigenek zein haien aldekoek aurrera eraman dituzten erresistentzia ekintzak. Azken horien artean, 1990ean Hego Dakotako gobernadoreak, George Mickelsonek, urriaren 8a Native American Day izendatu izana aipatzen du Hillek; ekimen xumea, egileak berak onartzen duenez, baina, bizikidetza sustatzeari begira, urrats esanguratsua.

Bestelako ekintza batzuk ereaipa zitzakeen Hillek, hala nola kultur mundutik bultzaturikoak, baina, jakina, artista edo idazle batek esan edota egindakoak ez du politikari batek esan edota egindakoak adinako arreta pizten. Hala ere, azken urteetan indiar-amerikarren memoria eta eskubideen alde lan egindako pertsonak aipatzen hasita, batek ezin du Sherman Alexie (Wellnipit, Washington, 1966) ahaztu. Ogibidez idazlea da Alexie, bai, baina gaur egungo indiar-amerikarren artean gutxi dira, are gehiago, inork ez du berak bezalako arrakasta lortu mundu akademikoan zein komunikabideen artean, esparru antagonikoak izanda ere. Zein da haren ospearen arrazoia? Idazle bikaina dela esan beharrik ez dago, eta hainbat sari ere jaso ditu bere lanagatik. Orain arte poesia eta narratiba landu ditu batik bat; hogei lanetik gora argitaratu ditu, besteak beste, The Lone Ranger and Tonto Fistfight in Heaven (1994), The Toughest Indian in the World (2000), Ten Little Indians (2003) narrazio bildumak eta Reservation Blues (1994) eta Indian Killer (1996) nobelak. Azkenak, Blasphemy: New and Selected Stories, hil honetan argitaratu dute. Baina bikaintasun literarioaz gain, Alexiek badu edozein aurrekari (bere kasuan, arraza zuriaren nagusigoa) entzuten eta pentsatzen jartzeko aparteko teknika, hots, umorearen erabilera.

Spokane eta Coeur d'Alene tribuetako kide da Alexie, eta lehenengoak Washington estatuan duen erreserban hazi zen. «Kanpoko» munduarekin lehen enkontrua nerabezaroan izan zuen, bigarren hezkuntzako ikasketak egiteko hirira joan behar izan zuenean. Garai horri buruzko oroitzapen onik ez du Alexiek. Bera eta beste mutiko bat ziren zentroko indiar-amerikar bakarrak, eta azken horrek futbol taldeko maskotarena egiten zuen. Alexieren lanak indiar-amerikar orok, lehenago edo beranduago, aurre egin behar dion une traumatikoaren inguruan dihardu: halako batean, ohartzen da bere errealitatea besteek eraikia izan dela, eta beste horiek ez dutela begi onez ikusten. Une horretan indiar-amerikarra bere nortasuna kuestionatzen hasten da, berak izan nahi duenaren baina besteek berarengandik espero dutenaren artean konponbide bat bilatu nahian. Flight nobelan (2007) —hegaldia edo ihesa itzul daiteke izenburua— gai horien inguruan gogoeta egiten du Alexiek indiar-amerikar umezurtz baten irudiaz baliatuta; aitak ez zuelako inoiz bere aitatasuna onartu, legez indiar-amerikarra ez den mutiko baten bitartez, hain zuzen. Umea indarkeria zurrunbilo batean sartuko da, baina gertakariek bultzatuta, amaieran borroka armatua eta mendekua zilegi ote diren galdetuko dio bere buruari.

Flight-en deskribatzen zaigun indarkeriaren modukoak toki berezia betetzen du Alexieren obran. Hori dela eta, hainbat kritikarik James Baldwin idazle afroamerikarraren lanarekin parekatu dute Alexieren obra. Dena dela, Baldwinen erlijioarekiko kezka erabat desagertu egiten da Alexieren kasuan, baina ironia, aldiz, oso presente dago. Ironiaren bidez, arraza zuriaren gailentasuna kritikatzeaz gain, zenbait indiar- amerikarren jarrera kitsch-a zalantzan jartzen du. Gogoko duen gaietako bat, hain zuzen, indiar- amerikarren inguruko estereotipoak dira, zuriek bultzaturikoak baina, kasu askotan, indiar-amerikarrek beraiek modu akritikoan bereganaturikoak. Alexieren ustez, zuriek ikasi egin behar dute bestea errespetatzen, baina hori bezain garrantzitsua da norbere burua errespetatzen ikastea. Horri buruz da, azken batean, haren literatura, baita indiar-amerikar gazteei begira antolatzen dituen ekitaldiak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.