Zinema. Estreinaldiak

Zuzendari baten odisea

Zazpi urteko isilaldiaren ondoren, Siberiako gulag bateko ihesa kontatu du Peter Weir zuzendariak 'The Way Back' film epikoanKostata lortu du finantzaketa 'Dead Poets Society' eta 'The Truman Show'-ren egileak

Colin Farrel aktorea, Peter Weirren The Way Back filmeko irudi batean. NEWMARKET FILMS.
Gontzal Agote.
2011ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Peter Weirren azken filma aurrera ateratzeko prozesuaren zailtasunak ederki asko erakusten du gaur egun nolako egoeran dauden zuzendari beterano asko. Australiarra oso zuzendari ospetsua da, eta ez hasiberri bat. Kalitatezko filmak egin izan ditu; baina, era berean, arrakasta komertzial handia ere izan du.

Sorterrian egin zituen lehen urratsak. 1975eko Picnic at Hanging Rock izan zen haren lehen abisua. Baina 80ko hamarkadaren hasieran etorri zen nazioarteko aitorpena, Gallipoli-rekin eta The Year of Living Dangerously-rekin. Bi filmok protagonista bera zuten: orduan guztiz ezezaguna zen gazte bat, Mel Gibson.

Australiatik Hollywoodera egin zuen salto Weirrek. Baina, beste zinemagile askok ez bezala, urratsa behar moduan egin zuen. 1985ean Witness zuzendu zuen, thriller eredugarria, Harrison Fordekin. Hurrengo lana ere aktore berarekin egin zuen (The Mosquito Coast), baina harrera hotzagoa izan zuen pelikulak. Hamarkada, ordea, beste lan komertzial arrakastatsu-arrakastatsu batekin itxi zuen: Dead Poets Society.

90ekoa zailagoa izan zen. Hala ere, pare bat film makaltxo egin ondoren, 1998an beste pelikula bikain bat ondu zuen Peter Weirrek: The Truman Show. Mende berria piraten abentura epiko bat kontatuta hasi zuen: Master and Commander: The Far Side of the World. Film interesgarria hori ere, baina Depp, Bloom eta Knightleyk komertzialki hondoratu zutena.

Horixe izan zen Peter Weirren azken lan zinematografikoa. Ibilbide sendoa, arrakasta komertzialekoa eta Oscar sarietarako sei aldiz izendatua, baina inork ez zuen berarekin pelikula bat egin nahi. Gaur egungo Hollywood ez dago horretarako; diru azkar eta ugari eginen duten kontsumo lasterreko produktuak dira industriak ekoizten dituenak, eta horretan sartzen ez denak ez du lekurik.

Gulageko iheslariak

Zazpi urte luzez egon da australiarra pantaila handitik urrun. Argi zuen zein film egin nahi zuen: Slavomir Rawiczen liburuaren egokitzapena, gulag batetik ihes egin zuten hainbat gatiburen istorioa. Baina inor ez zegoen prest halakorik finantzatzeko; Weirren izenak eta esperientziak ez dute deus balio gaur egun merkatuan.

Horiek horrela, zuzendariak bere kabuz finantzaketa bilatzeari ekin zion, hasiberria balitz bezala. Lan nekeza izan da, baina azkenean lortu du lana burutzea. Gehienbat ekoizpen britainiarra da The Way Back, eta, ekoizpen handien itxura badu ere, merke, oso merke filmatu dute. Esate baterako, Bulgarian eta Marokon egin da filmaketaren zatirik handiena, ekoizteko merkeena zelako. Zorionez, Weirrek hainbat lagun egin izan ditu urte hauetan guztietan, eta horri esker aktore ezagun batzuek parte hartu dute filmean —Ed Harrisek eta Colin Farrellek, esaterako—.

Berez, filma ihesaldi baten kronika epikoa da. Joan den mendeko 40ko hamarkadan Stalinen menpeko Sobietar Batasunean milaka pertsona zeuden preso Siberiako gulag beldurgarrietan. Horietako bat da Janusz jatorri poloniarrekoa, dena galdu duen pertsona zorigaiztokoa. Halaber, gulagean hainbat estatubatuar daude, hala nola Valka desatsegina eta Mister Smith misteriotsua.

Horiek eta beste hainbat presok ihesaldi zoroa prestatuko dute. Erraz samarra da kontzentrazio esparrutik alde egitea. Arazoa inguruan dagoen lur amaigabea da. Milaka eta milaka kilometro dituzte aurretik. Siberia, Himalayako mendilerroa eta Gobiko basamortua zeharkatu beharko dituzte. Azken helmuga India da.

Rawiczek gertaera horien inguruan idatzi zuen liburua da pelikularen oinarri nagusia, baina Weirrek beste hainbat iturri ere erabili ditu. Izan ere, kontaturikoa benetan gertatu ote zen auzitan jarri dute hainbat ikerlarik. Haien esanetan, ihesaldi hori ez zen sekulan gertatu, asmazio hutsa da.

'THE WAY BACK'

Zuzendaria: Peter Weir.

Aktoreak: Colin Farrell, Ed Harris, Jim Sturgess, Saoirse Ronan, Mark Strong.

Herrialdea: Erresuma Batua.

Urtea: 2010.

Iraupena: 130 minutu.

Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Hego Euskal Herrian, eta hilaren 26an Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.