Zinema. Estreinaldiak

Zuzendari ezagunaren emazte ezezaguna

'Psycho' film famatuaren prestaketa eta filmaketa da 'Hitchcock' pelikularen ardatza

Helen Mirren eta Anthony Hopkins; Alma Reville eta Alfred Hitchcock filmean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2013ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Gaur egun, Alfred Hitchcocken Psycho zinemaren historiaren pelikularik ezagun eta inportanteenen artean dago. Eta ez soilik dutxako hilketa gogoangarriagatik edota Norman Batesen rolagatik. Filmak thriller modernoaren oinarriak ezarri zituen, eta istorioak kontatzeko moduan gauza inportanteak aldatu zituen. Horien artean, izen handia izanda ere, ustezko izarra pelikularen erdirako desagertu ahal zela.

Klasiko handi bihurtuta, asko da 1960ko film horreninguruan idatzi izan dena. Kontaezinak dira ikuspuntu batetik zein bestetik pelikularen gakoak aztertu nahi izan dituzten mota guztietako liburu eta ikerketak. 1990ean Stephen Rebellok Alfred Hitchcock and the Making of Psycho liburua idatzi zuen. Horretan, egileak filmaren prestaketa eta filmaketaren xehetasunak biltzen zituen, eta ordura arte ezezagunak ziren hainbat konturen berri eman zuen.

Lan horrek berehala Hollywooden interesa piztu zuen, Hitchcock oso pertsonaia mediatikoa izan baita betidanik. Horregatik, Psycho-ren filmaketaren inguruko film bat egitea nahiko negozio segurua ematen zuen. Alan Barnette eta Tom Thayer ekoizleek Rebelloren liburuaren eskubideak eskuratu zituzten, eta horren moldaketa enkargatu zioten John McLaughin gidoilariari.

Behin gidoia amaituta zegoela, proiektuak urteetako etenaldia izan zuen, inor ez baitzen ausartzen idatzitakoa zinemara eramaten. Orain dela urte batzuk, berriro ekin zioten asmoari; ordurako,ekoizleek nahiko argi zuten nor zen aktorerik aproposena Alfred Hitchcockena egiteko: Anthony Hopkins britainiarra.

Nahiz eta askotan erretiratua dagoela adierazi duen, orain arte Hopkinsek ez du mehatxua bete,eta lanean segitzen du. Hitchcock izateko ideia gustatu omen zitzaion, eta baietza eman zion. Protagonista lotuta, zuzendari egokia aurkitzea izan zen hurrengo lana. Auskalo nola eta zergatik Sacha Gervasi izan zen aukeratutakoa. Gervasiren fikzioko lehen lana da Hitchcock, baina aurretik oihartzun handia izan zuen dokumental musikal bat zuen egina, 2008ko Anvil! The Story of Anvil.

Hortik aurrera, beste izen ezagun batzuk fitxatu zituzten proiekturako. Scarlett Johansson Janet Leighen rolean, Helen Mirren zuzendariaren emaztearenean, Danny Huston, Jessica Biel...

Laguntzaile isila

Asko hitz egin izan da Alfred Hitchcockek emakumeekin zuen harreman bereziaren inguruan. Itxura hotzeko aktore ilehoriekin lan egin zuela-eta kontu ugari esan eta idatzi dira, horietako gehienak funts handirik gabekoak. Grace Kelly edo Tippi Hedren aktoreekin izandako ustezko harremanak ere aipatuak dira behin baino gehiagotan.

Hitchcock-en, berriz, ikuspuntua guztiz diferentea da. Izan ere, zuzendari britainiarraren eta Alma Reville emaztearen arteko erlazio nahiko ezezaguna da istorioaren oinarri nagusia. Hitchcockekin ezkonduta egoteaz gain, Reville bere laguntzailea izan zen; besteak beste, muntatzaile eta gidoilari lanak egin zituen haren pelikuletan.

60ko hamarkada hasi behar zenean, Hitchcock gailurrean zegoen. 40 film baino gehiago eginak zituen, eta, Erresumaa Batutik AEBetara joan ostean, munduko zuzendaririk ospetsuenetakoa zen. 1959an North by Northwest espioitza eta akzio filma egin zuen, eta arrakasta itzela lortu zuen.

Baina zuzendaria zertxobait nekatuta zegoen, norabide aldaketa behar zuen; beldurrezko pelikula bat egitearekin tematuta zegoen. Alma Reville emaztea ere iritzi berekoa zen, eta ekoizleen ezezko biribila jaso zuenean, proiektuarekin aurrera segitzeko adore eman zion.

Bien artean erabaki zuten Robett Blochen Psycho liburua moldatuko zutela eta material horrekin telebistarako pelikula bat prestatuko zutela. Senar-emazteek jarri zuten hasierako dirua, eta oso baliabide gutxirekin filmatzen hasi ziren. Jakin gabe historiako filmik inportanteenetako bat jartzen ari zirela martxan.

'HITCHCOCK'

Zuzendaria: Sacha Gervasi.

Aktoreak: Anthony Hopkins, Helen Mirren, Scarlett Johansson, James D'Arcy, Jessica Biel, Toni Collette, Danny Huston. Herrialdea: AEB. Urtea: 2012. Iraupena: 98 minutu.

Estreinaldia: Hego Euskal Herrian, ostiralean. Ipar Euskal Herrian otsailaren 6an estreinatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.