Berlingo Operak Paul-Heinz Dittrichen bi antzezpenen emango ditu martxoaren 30ean. Diego Martin Etxebarria zuzendariak (Amurrio, 1979) gidatuko ditu kontzertuak, eta, bide batez, «bizitzako ametsa» beteko du. Bilboko eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak zuzendu ditu, OLBEren programazioan parte hartu du, eta nazioarteko hainbat orkestra zuzendu ditu. Operarako joera dauka Etxebarriak. Kleines Haus Dresde, Volksbune Berlin eta Augsburger Theater opera antzokietara gonbidatu dute, eta haren azken lana Madrilen estreinatutako Brokeback Mountain obra izan da. Berlinen finkatuta, Staatsoper Unter den Linden antzokian ibiliko da lehen aldiz.
Berlingo Operan debuta izango duzuDittrichen bi operarekin. Harrera beroa espero duzu?
Zorionez, Berlingo entzuleak oso fidelak dira, eta ziur nago ez dugula aretoa betetzeko arazorik izango. Dittrichen obra XX. mendekoa da, 80ko hamarkadan idatzitakoa, baina hemen ez da arraroa opera garaikideak entzutea. Emanaldi asko eskaintzen dira, eta musika gizartearen zati bihurtu da. Ziur aski, kontzertu horrek ez luke harrera berbera izango Alemaniatik kanpo.
Berlingo Operan zuzentzeak zer eragiten dizu?
Amets bat betetzeak sortzen duen errespetua sentitzen dut. Bertan zuzendari eta musikari bikainenak izan direla pentsatze hutsak emozioz betetzen nau. Dena den, entseguetan murgildu eta berehala, etxean bezala sentitu naiz, errutinan sartuta; gainerako lanen moduan hartu dut. Azken finean, handia ala txikia, sortzen dugun guztia musika da.
Zuzendu behar dituzun operak soilik orkestrarako bertsioan estreinatu dira, eta hau izango da taularatuko diren lehen aldia. Nolako obrak dira?
Bi operak oso antzekoak dira. Die Blinden-ek itsasontziko kapitaina hil ondoren uharte batean galdutako bi itsuren istorioa kontatzen du, eta denok ezagutzen dugu Kafkaren Metamorfosia—Die Verwandlung da operaren jatorrizko izenburua—. Bi obrek bakardadea eta gizartearen arbuioa islatzen dute. Kuriosoa da lan horiek orkestrarako bertsioan estreinatu izana, antzerki asko daukate eta. Musika nahiko iluna da, eta ederki laguntzen die taula gaineko pertsonaiei. Musika hitzen ispilua da obra horietan.
Konpositoreak kontzertuetara joateko asmoa du?
Bai, noski. Haren etxean izateko aukera izan dut, eta esan beharra daukat ohorea dela zuzendu beharreko obraren egilearekin egoteko aukera izatea. Dittrichek dagoeneko 84 urte dauzka, baina bere obrak taula gainean ikusteko irrikan dago.
Urteak daramatzazu Berlinen. Nolakoa da musika klasikoaren egoera?
Ohitura ezberdinak dituzte. Hemen, normala da astero opera edo antzeko ikuskizunetara joatea. Ia gauero ematen dute emanaldiren bat hirian, eta prezioak oso merkeak dira: 10 eurorekin, opera ikustera joan zaitezke. Horrekin ez dut esan nahi hemen egiten dena beste herrialdeetakoa baino hobea denik, baina, noski, musikarioi ate asko irekitzen dizkigu. Dena den, uste dut kultura bultzatzen duen gizarteak gehiago irabazten duela denborarekin.
Eta Alemanian ba al dute hemen egiten denaren berri?
Euskal Herriko orkestrak zuzentzera doazenek ezagutzen dute Euskal Herriko lana, baina normalean alderantziz izaten da. Alemanian sortzen den proiektu kopurua eta Euskal Herrikoa ezin dira alderatu. Horretan soberan irabazten digute oraindik. Baina berriro diot, horrek ez du esan nahi gurean egiten dena kalitate eskasekoa denik, alderantziz. Bigarren mailakoak garen konplexu hori gainetik kendu beharko genuke, kalitatea soberan daukagulako. Beti bezala, arazoa ekonomikoa da. Orkestra batek 6-7 milioi euro behar dituela entzutean, izutu egiten gara, baina futbol jokalari bakar batek hori irabaztea normala iruditzen zaigu. Eta bitartean, nire Amurrioko lagunek oraindik ez dute oso argi zertan datzan nire lanbidea.
Azkenaldian egin dituzun lanakoperak izan dira. Espezializatzen ari zarela esan daiteke?
Opera musikaren ikuskizun gorena dela uste dut, eta oso zoriontsu egiten nau horrenbeste jende biltzen duen sorkuntzan partaide izateak. Denetik zuzentzen disfrutatzen dut, baina egia da opera bereziki maite dudala. Horregatik etorri nintzen Berlinera, hemen dagoen eskaintza izugarria delako.
Zuzendari batek musikariekin komunikatzen jakin behar du. Zaila al da atzerriko orkestra baten aurrean jartzea?
Egia esan, zuzendariok gutxi hitz egiten dugu. Zuzendari on batek ez ditu hitzak behar egin nahi duena transmititzeko. Eskuekin esaten duzuna ulertzen ez badute, jai daukazu. Onenek ez dute entsegua gelditu behar izaten.
Mugimenduekin komunikatzen zaretela aipatu duzu. Asko nekatzen al du kontzertu bat zuzentzeak?
Fisikoki baino gehiago, psikologikoki nekatzen du. Orduak igaro behar ditugu kontzertuaren lema gobernatzen, arreta guztia nota bakoitzean ipintzen. Zuzentzea urtegi bat irekitzea bezala da; urari pasatzen utzi behar diozu, eta, aldi berean, ontzia gidatu.
Agertokira atera aurretik, jarraitzen al diozu erritualen bati?
Gorroto dut partiturarekin joatea eta orriak pasatzea. Ahal dudan guztietan, obra buruz ikasten dut, sortzen ari garen musikan osoki murgiltzeko.
Zure ibilbide profesionala oso azkar doa aurrera. Non ikusten duzu zeure burua hemendik urte batzuetara?
Egia esan, duela hamar urte norbaitek esan izan balit Berlingo Operan zuzenduko nuela, ez nioke sinetsiko. Beraz, orainari begiratu nahi diot bakarrik, eta etortzeko dagoena pozik onartuko dut. Euskal Herrira bueltatzea ere gustatuko litzaidake. Garrantzitsuena da ezagutzen zaituzten tokietara berriz joatea, benetan gustuko zaituzten seinale delako.
Diego Martin Etxebarria. Orkestra zuzendaria
«Zuzendari on batek ez ditu hitzak behar gidatzeko»
Berlingo Operako Staatsoper Unter den Linden antzokian, Diego Martin Etxebarria Amurrioko zuzendari gaztea aukeratu dute Paul-Heinz Dittrichen bi opera gidatzeko, eta lehen aldiz izango da han, bere «bizitzako ametsa» beteta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu