Zuzeneko disko desiratua

Mikel Urdangarinek Bilboko Kafe Antzokian iaz emandako kontzertua jaso du disko bikoitz batean

Mikel Urdangarinek bere ibilbide osoko kantuak bildu ditu diskoan. MARISOL RAMIREZ  / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
«Disko honekin esan daiteke amets txikitxo bat bete zaidala» dio Mikel Urdangarinek bere zuzeneko lehen diskoaz mintzatzean. Iazko abenduaren 30ean, Bilboko Kafe Antzokian 600 lagun batu ziren, kantariak azken 15 urteotan sortutako 28 abesti gogoratzeko. «Kantu batzuei bizitza amaitzen zaie, baina hauek bizirik daude nigan, eta horregatik aukeratu ditut». Ordu bi eta erdiz aritu ziren kantuan, eta hori jaso dute Zuzenean 2010/12/30 diskoan.

Hamabost urteotan kantuak ere aldatu direla dio Urdangarinek. «Abesti zaharrei musikalki beste ikuspuntu bat eman nahi izan diet». Artisten lanak iraganean pilatuz doaz, eta, grabatu ezean, iragan hori ahanzturan geratzen da. Hori izan da zuzeneko diskoa grabatzeko arrazoia. Ibilian, Haitzetan-en garaiko musika egiteko era aldatu egin da, baina Urdangarinen kanturako grina, ez. «Oraindik ez naiz nekatu kantatzen», dio kantariak. «Gau hartako kontzertua guretzat zoragarria izan zen, magikoa». Nahiz eta zuzenekoa luzea izan, hasi eta amaitu entzuleen beroak lagundurik joan zen grabazioa. «Zorioneko sentitzen naiz, dena egun bakarrean jokatzen zela ikusi eta ezin hobeto irten delako».

Inperfektua baina indartsua

Diskoa momentu on askorekin beteta dagoela dio Urdangarinek. «Inperfektua baina indartsua da, oso hunkigarria. Entzuten dudan bakoitzean gau hartara narama». «Zuzeneko perfektu bat egitea gaitza da, eta, gainera, ez genuen hori nahi», azaldu du. Desafinatze eta hanka sartze txiki batzuk daude. Entzuleak apenas igarriko dituen, eta zuzenekoari freskotasuna ematen diote.

Diskoan isiltasun momentuak eta burrunbada handikoak nahasten dira. «Lehen zatia jantziagoa irten zaigu, eta bigarrena, berriz, ganberroagoa da», adierazi du kantautoreak. Hasierako ordu eta erdia landuagoa dela dio, eta azken ordua, berriz, libreago joan zela, jai giroa nabarmenagoa zelako. «Gaua uste baino luzeago joan zen, eta inprobisatu egin behar izan genuen. Bere xarma du bigarren zati desordenatu horrek», nabarmendu du Urdangarinek.

Kantuak aukeratzea «izugarri» kostatu zaiola azaldu du. «Kutunen bat geratu zait kanpoan, baina zuzeneko disko baten abantaila hori da, hurrengo kontzertuan abestu ahal izango dugula». Disko guztietatik lagin bat grabatu dute. Denetatik dago zerbait, «Zubia diskotik gutxien, azken lana izan delako, ez gogo faltagatik».

Hiru bertsio

Kantu propioez gain, taldeak hiru abesti esanguratsuren moldaketak egin ditu. Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak kantuarena, adibidez. «Artzeren letra zoragarriak bakea ekartzen dit, munduarekin lotzen nau», azaldu du Urdangarinek. «Bertsio elegantea dela uste dut; Mikel Laboaren omenaldia, haren ekarpen handiagatik eskerrak emateko».

Black musikari ingelesaren Wonderful Life arrakastatsuaren bertsioa ere egin dute. «Triste» dagoenean, maiz entzuten du Urdangarinek kantu hori, «bizipoza» ematen diolako. Eta Pier Paul Berzaitzen Baratze bat kantuaren moldaketa abestuz ematen diote amaiera zuzeneko disko bikoitzari.

Urdangarinek hainbeste urtetan berarekin batera oholtza gainean aritu diren musikarientzat berba gozoak ditu: «Neu naiz itsasontzi honetako gidaria, baina eurak ezinbestekoak dira inora heltzeko». Zuzeneko disko honen bidez, musikari «bikain» hauekin lortutako soinua grabatuta gera tzea nahi zuen kantariak. Bingen Mendizabal, Nika Bitchiasvili, Rafa Rueda, Sahiela Gazmaier, Koldo Uriarte eta Josu Zabala izan ditu lagun. Gaur, Balmasedan izango dira; abenduaren 13an, Donostiako Fnacen; 16an, Bilbokoan; 23an, Donostian berriz, Viktoria Eugenian, eta 30ean, Bilboko Kafe Antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.