Mari-complejines» (mari-konplexu) deitu zioten muturreko ultrek. Gruta noiz umotu zain egotea leporatzen zioten Moncloatik, hura irentsi eta Espainian jaun eta jabe geratzeko, beti egonean. Eta hara non, oharkabean bada ere, aginte makila ia eskura daukan Mariano Raxoik. PSOEren hankasartzeengatik, ezin ukatu, ezker sentsibilitatea leukakeen edonor uxatu ondoren, aski baitauka PPko ohiko botoemaileei eutsi eta agortutakoaren aurrean berrikuntza dakarrela saltzea. Baina eskuineko buruzagiaren merituei behingoan erreparatu beharko zaie. Asteon agertu ditu inoiz baino argiago. Elur bola hazi eta pasa behar ez zen marra pasatakoan, zalantza txikienik gabe lortu du alderdiari aratz eustea eta Valentziako presidentea sakrifikatzea. Jokaldi bikaina atera zaio estrategia bakarra egonean egotea ei zuen estrategari.
Funtsean egitasmo beraren alde baleude ere, PPko prentsaurrekoetan egon denak badaki gehienen «buenos días»etik Antonio Basagoiti eta beste bakarren baten «egunon»era prentsaurrekoa hasteko agurretik harago doan aldaketa dagoela. Kosmetikoa neurri batean, baina ez soilik. Iazko Galeuscan galiziarrek bizi zuten egoeraren larria azaltzen ziguten: «Fragak (Fragak!!!) sekula ez zion utziko sailburu bati gazteleraz egiterik, orain espainola da nagusi Xuntan». Edo hurbilago, eskuindar euskaltzaleak, are Euskal Herria ideiaren zaleak, bat eta bi baino gehiago izan dira historikoki Nafarroan, egungo UPNko fobiatik oso urrun.
Raxoik egin du bere bidea. Egitasmo eskuindarrean arrisku ultrak neutralizatu eta bera gailentzeko gaitasuna erakusten ari da. Eta detailea: beste alderdikideen esku ari da uzten euskal gatazkagatik PSOE jipoitzeko ardura. Azken hilotako adierazpenei begiratzea baino ez dago. Ekonomiatik jotzen dio Zapaterori, baina euskal gaietan ahalik gutxien bustita. Hala sinetsi gura dut gutxienez. Loturarik gabeko presidenteak egiten baititu urrats ausartenak.
Larrepetit
Aldaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu