Efemerideen astea daukagu. Su-etenarena eta dorre bikiena. New Yorkekoak «segurtasuna askatasunaren aurretik» ekuazioa ezarri, eta lorpenak: txirrindularitza zaleenak aitortuko du Vuelta Euskal Herrira itzultzeak daukan konkista kutsua.
Jokalekua, baina, ekialdean dago ostera ere. Eta iparraldeko errebeldeei gailentzeko giltza horrek zernolako beldurra dakarkien argi uzten dute behin eta berriz. Konplexurik gabe esan du ekialdeko lehendakariak: izua dio abertzaleak Nafarroan nagusi izateari. Eta abertzaleek ez daukaten pragmatismoz irensten dituzte beharrezko zapoak, gaur goizeko eztabaidak eta gorrotoak biharko utzi eta Espainiako egitasmoaren alde bat egiten. PSNrekin gosaldu, PPrekin hamaiketakoa. Ondo dakite bazkaltiarrak ez direla garrantzitsu, menuak ardura duela. Eta Konstituzioaren aldaketan ozen entzun da berriz Hego Euskal Herriak ez daukala batzerik, ezta Espainiaren baitan ere. Hego Euskal Herria batzeari herritarrek ezetz esango baliete, euskal independentismoa bururik gabe utziko lukete belaunaldi oso baterako. Baina zer-nolako beldurra dioten erreferendumari, nafarren borondatea horren argi daukatenek.
Espainiako hauteskundeak kontraesana dakarkio abertzaleari. Bost edo zazpi diputatu lortuta ere, Madrilen Pepsik edo Coca-Colak agindu erabakitzen da, eta gurean biak daude agintean. Behin eta berriz emandako lezioa astiro ikasten du abertzaleak, horratik. Ez da erraza izan behar mimo handiz prestatutako estrategia aldatu beharra, zergatik eta, ordura arte estu hartu zaituenak barkua jirarazi duelako. Baina hori da egoera. Borroka armatuaren eta ilegalizazioen garaian prestatutako estrategia abertzale legalek aintzat hartu beharko lukete. Espainiarrek egin bezala, gaur goizeko haserreak ahaztu eta elkarrekin bogan ibiltzeko unea da, ekialdean batez ere. Haize alde dabil egitasmo bat, ontzia hustu zaio besteari. Elkarren talkak bata hondoratzea eta bestea moteltzea badakar, argi dago zer egin, ezta?
Larrepetit
Ekialdeko haizea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu