Euskal klasikoen bila: autore zaharrak zertarako ditugu?
Idazlea: Casenave, Jon
Generoa: Saiakera
Orri kopurua: 126
Argitaletxea: Euskaltzaindia
Liburua Euskal klasikoen bila deitzen da eta, galdera bat badu azpi-titulu gisa: Autore zaharrak zertarako ditugu? Liburu horretan euskal literaturaren klasikoak dira aipagai. Baina, zer da euskal klasiko bat gaurko ikuspuntutik? Gure memorian eta euskal kulturan, bizirik gelditu diren lehengo obra nagusi eta idazle ezagunak ditugu, klasikoak deitzen. Bistan dena, orain arte idatziak izan diren liburu guziak ez dira klasiko bilakatu. Literaturaren munduan erabiltzen diren ezaugarri kritiko berezi batzuen arabera, batzuk gelditu dira agerian (Axular, Elizanburu, Txomin Agirre, Lizardi) eta beste batzuk, asko, ezkutuan gelditu dira (Arrese-Beitia, Kirikiño, Zaldubi, Barbier). Klasikoak Europako literatura garatu guzietan asko ohoratzen dira eta eskolan ikasten dira, unibertsitatean lantzen dira. Ontsalaz, edozeinek ezagutzen dituen eta aipatzen ahal dituen autoreak eta obrak dira. Gainera, klasikoak etengabe berrargitaratzen dira. Sakelako edizio fidagarri eta merkeak egiten dira eta aurki daitezke liburu saltokietan. Euskal munduan, aldiz, ez da horrelakorik gertatzen: gure klasiko gehienak ez dira aise atzematen liburu dendetan. Behin agortu eta komunzki ez dira berrargitaratzen. Ondorioz, ez dira asko irakurtzen, guti aipatzen hedabideetan, ez dira aski irakasten eskolan eta unibertsitatean. Hots, klasikotzat behar genituzkeenak ez ditugu behar bezala ezagutzen. Beraz, liburu hau egina da gure klasikoen aipatzeko, argitan eta agerian emateko gisa. Hots, gogoeta bat galdetzeko zer harreman nahi dugun gure lehengo obra eta idazleekin. Zertarako ditugu lehengo autoreak?