Eleberria

Lautadako mamua

Lautadako mamua

Idazlea: Montoia, Xabier

Generoa: Eleberria

Orri kopurua: 112

Argitaletxea: Elkar

Mamu bat, piztia bat omen dabil Arabako lautadan barrena. Bertako soro eta herrietan dabil, txima luzeak harrotzen dizkion haizea bezain arin, oinez ez, hegan egingo balu bezala. Hara eta hona dabil odol-egarri, eta sufre hatsa dario, infernuak bidalia delako seinale. Emakumeak korrika etxeratzen dira ilunabarrean, eta ez dute beste konturik aipatzen elizara edota lixiba jotzera biltzen direnean. Emazte infidelak eta neska txolinak eramaten omen ditu, haien bekatuen zigor. Izuturik du Araiatik Gasteizerainoko herrietako jendea. Aztoratuta, aitaren egin eta Jainkoari eskatzen diote babes. Baiki, deabrua libre dabil hemengo bazterretan, nahieran. Apaizek ere hala diote, apezpikuak oraindik ezer esan ez badu ere. Gauza batzuk agerikoak dira.

XIX. mendea sartuxea da; modernitatearen zantzu batzuk han-hemen barrundatu arren, lur-lanari eta betiko ohiturei loturik bizi da jenderik gehiena. Gizarte tradizional hura goitik behera inarrosiko du, ordea, hilketa sorta batek. Hildakoak prostitutak izan diren bitartean axola handirik ez agintariei zein legea zintzo betetzen duten kristau prestuei; halako batean, baina, emakume ondraduak akabatzen hasi dira, etxekoandre kabalak nahiz neskatila gazteak. Lautadako paisaiaren soiltasunaz eta negu mineko hoztasunaz kontatu ditu Xabier Montoiak kondaira bihurturiko gertakariok, istorioaren laztura agerian uzten duen idazkera doi, zehatz eta ia-ia lehorrez. Krimen beldurgarrion atzean dagoen hatsa sentitzeraino, giza arimaren barrunbeetan datzan amildegiaren ertzean.

BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei.Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.