Saiakera

Zuzenbide zibila : oinordetza

Zuzenbide zibila : oinordetza

Idazlea: Imaz Zubiaur, Leire (zuzendaria)

Generoa: Saiakera

Orri kopurua: 356

Argitaletxea: Euskal Herriko Unibertsitatea = Universidad del País Vasco

«Mortis causa» oinordetza Zuzenbide Zibilaren atal zirraragarri bezain teknikoa da. Pertsona fisiko oro hiltzean irekitzen da oinordetza, eta hark hainbat etapa igarotzen ditu, hildakoaren oinordekoek dagozkien ondasunak eskuratu arte. Prozesu horrek izan ditzakeen protagonistak eta haien eskubide zein betebeharrak xehetasunez aztertzea du helburu esku artean duzuen eskuliburu honek. Oinordetza Zuzenbideak ez du jasan, mendeetan zehar, Familia Zuzenbideak jasan duen tamainako aldaketarik. Hori bai, alde nabarmenak erakutsi ditu jatorrizko lurralde-eremuaren arabera. Oso bestelakoak dira Erromatar Zuzenbidetik Espainiako Kode Zibilera heldu den oinordetza-sistema eta Germaniar Zuzenbideetatik gertuago egon diren Pirinioetako lurraldeetan indarrean daudenak. Ez gara, hortaz, araudi-aniztasun soil bati buruz ari: Estatuan dagoen legeria-mapa oparoak zazpi oinordetza-araudi ezberdin jartzen ditu, egun, mahai gainean. Oinordetza-prozedura jakin bakoitzari aplikagarria zaion legeria zein den ebaztea ez da, maiz, kontu arina.

Hiru ataletan banatu dugu eskuliburua. Lehenengo atalak biltzen ditu —mortis causa oinordetzaren azterketaren abiapuntu modura— oinarrizko kontzeptuen deskribapen eta kokapen orokorra, baita oinordetzak barne hartzen dituen etapen hurrenkera eta horietako bakoitzaren azterketa teoriko-praktiko sakona ere. Bigarren atalak oinordetza antolatzeko baliabideei eskaintzen die banakako arreta; eta hirugarren atalak, segidan, mortis causa xedatzeko askatasunari ezartzen zaizkion mugei begiratzen die. Eskuliburu osoan zehar Euskal Zuzenbide Zibilak arautzen duen Oinordetza Zuzenbidea jarri dugu erdigunean, bai Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoena bai Nafarroako Foru Komunitatean arautzen dena. Espainiako Kode Zibilarekin alderatu da, etengabe, ikuspegi osoagoa eta zehatzagoa izan dezazuen. Araudi aberatsa zekarten gure idatzi gabeko ohiturek; gure foruek hein handi batean jaso eta legebiltzar garaikideek gurera ekarri dituzten haiek. Ikas ditzagun, Kode Zibilarekin alderatu eta gure sormenarekin hobetu ditzagun, etorkizuneko euskaldunek baliabide finduagoak eta doiagoak izan ditzaten eskura: gure lana ere bada ondorengoei jasotakoa onduago uztea. Erabaki dezagun, hortaz, elkarlanean, norantz bideratu nahi dugun gure oinordetza-sistema. Gero eta zaharrago hiltzen gara: duintasunez eta lasaitasunez hiltzen ere ikasi beharko genuke bizitzan zehar. Nahitaez utzi behar diegu gure seme-alabei ondarearen zati bat, edo Aiarak gordetzen duen erabateko xedatze-askatasunaren alde egingo dugu apustu? Nor dira gehien babestu behar ditugun oinordekoak, eta nola antolatuko dugu hil osteko sostengu hori? Nola lortuko dugu leuntzea kausatzailearen askatasunaren eta oinordekoen babes-beharraren arteko oreka konplexu hori? Ikas, azter, pentsa, eztabaida eta erabaki dezagun nola egin, gehiagotan. Eman diezaiogun ahotsa komunitateari, ez dadila Zuzenbidea lar urrundu.

Eta zuei, ikasle estimatueok, gure bulkada eta geriza eskaintzen dizkizuegu. Zuen bidelagun izango gaituzue Zuzenbidea eta euskara uztartzeko erronkan.

Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.