Adingabe bat duen familia bat etxegabetu dute Gasteizen

Etxegabetzea eguerdirako zegoen aurreikusita, baina familiak bere kabuz utzi du etxea, indarkeria saihesteko. Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du udalak ez diola inolako alternatibarik eskaini.

Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren agerraldia, gaur, udaletxe parean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren agerraldia, gaur, udaletxe parean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko urriaren 22a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du gaur goizean adingabe bat duen familia bat etxetik bota dutela, eta instituzioek ez diotela inolako bizitoki alternatibarik eskaini. Familia zaurgarria da, eta gaur arte Gasteizko Zaramaga auzoko etxebizitza batean bizi izan da, alokairuan. Etxegabetzea eguerdirako zegoen aurreikusita, baina familiak bere kabuz utzi du etxea, indarkeria saihesteko. Sindikatuko kideak Gasteizko Larrialdietako Gizarte Zerbitzuetara joan dira goizean, presio egin eta familia horri behin-behineko bizitoki bat eman diezaioten. «Oraingoz, gizarte langileak ezetz esan du, nahiz eta familia honek baldintza guztiak betetzen dituen», azaldu du Ane Mendiguren sindikatuko kideak.

Gasteizko Etxebizitza Sindikatuko kideek elkarretaratzea egin dute Gasteizko udaletxearen aurrean, etxegabetzea salatzeko eta erakundeei eskatzeko neurri «eraginkorrak» har ditzatela etxegabetzeen aurka.

Etxegabetu duten bikoteak eta adingabeak urte asko zeramatzan Zaramaga auzoko etxe horretan bizitzen, baina jabeak «denetariko abusuak» egin dizkie handik botatzeko, salatu dutenez: jazarri egin zaie, hornidura eten die, desokupazio enpresa bat bidali die etxetik botatzeko, eta sarrailak sabotatzen saiatu da. Sindikatuko kideak azaldu du familiak normal ordaindu duela errenta, baina etxearen jabeak kontrakoa argudiatu duela handik bota ahal izateko.

«Pobretze orokor batean bizi gara, eta gero eta gutxiago dugu bizirauteko. Ez da justua familia bat kaleratzea, are gutxiago adingabe bat tartean egonda»

ANE MENDIGURENGasteizko Etxebizitza Sindikatuko kidea

Nolanahi ere, familia baten etxegabetzea ez dagoela inolaz ere justifikatuta azpimarratu du Mendigurenek, eta salatu jabeek «erabateko inpunitatea» dutela maizterren aurka indarkeria erabiltzeko. «Pobretze orokor batean bizi gara, eta gero eta gutxiago dugu bizirauteko. Ez da justua familia bat kaleratzea, are gutxiago adingabe bat tartean egonda». Gainera, sindikatuko kidearen arabera, udalak ez dio alternatibarik eskaini familiari. «Teorian, halako egoeretan esku hartu beharko luke, baina ez du ezer egin».

Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak gogorarazi du iaz etxegabetze arriskuan ziren 60 pertsona baino gehiago artatu zituela, eta horietako batzuk geldiarazi egin zituela, baina oraindik badirela noiz etxegabetuko ote dituzten zain jarraitzen duten familia asko. Hori dela eta, etxegabetze guztiak bertan behera uzteko eskatu du sindikatuak, eta politikariei hitzak utzi eta ekiteko eskatu die. «Badago dirua eraikuntza enpresen eta jabeen poltsikoak betetzeko, baina ez langile klasearen oinarrizko beharrei erantzuteko», kritikatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.