Arabako Auzitegiaren Adingabeen Fiskaltza 12 urteko bi neska ikertzen ari da, 6 urteko beste bati sexu eraso bat egitea leporatuta. EFE albiste agentziak zabaldu duenez, gertaerak Gasteizko ikastetxe publiko batean jazo ziren, jolastorduan eta jantokiko orduetan, ikastetxearen instalazioen barruan.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak adierazi du ez duela informaziorik emango ikerketa eta egiaztapenak egiten ari diren bitartean. Sailak «zuhurtzia eta konfidentzialtasunaren errespetua» eskatu ditu, kasuan inplikatutako guztiak adingabeak direlako.
Gertakarien ostean, biktima Txagorritxu ospitalean artatu zuten, amak lagunduta, EFE albiste agentziak zabaldu duenez. Ospitaleak sexu erasoaren protokoloa aktibatu zuen, eta gertaeren berri eman zion epaitegiari.