Igandean izan zen gertakaria: Ertzaintzak 40 urteko gizon bat atxilotu zuen Irunen (Gipuzkoa), hilketa saiakerako delitua leporatuta. Atxilo hartu ondotik, polizia etxera eraman zuten akusatua, eta kasua epailearen esku utzi. Hark espetxe zigorra ezarri dio gizonari.Â
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, igande goizaldean dei bat jaso zuen Ertzaintzak, gizon bat emakume bati eraso egiten ari zitzaiola erranez. Polizia ailegatu zenerako, auzokideez inguratuta zegoen emakumea, eta, kontatu zutenez, gizonak lepotik heldu eta hormaren kontra jarri zuen emakumea. Ertzaintzak ere eman ditu zehaztapen batzuk, eta esplikatu du emakumeak lehenik giltza sorta batekin defendatu zuela bere burua, harik eta auzokideek erasotzailearengandik askatu zuten arte. «Emakumeari eraso egin ostean, gizona bortizki sartu zen haren etxean, eta altzariak, ispilu bat, telebista bat, ordenagailu bat eta bi sakelako mugikor hautsi zizkion», azaldu du.Â
Gerora jakin dute lehendik emakumearekiko urruntze agindu bat zeukala gizonak, baina jada ez dagoela indarrean. Poliziak indarkeria matxistako kasuetarako protokoloa aktibatu zuen, eta osasun zentro batean artatu zuten emakumea.Â
Tuteran (Nafarroa), berriz, 50 urteko gizon bat atxilotu du udaltzaingoak, bikotekideari eraso egitea leporatuta.Â