Aiaraldeko Euskararen Eguna ospatuko dute igandean

Okondoko kultur etxea eta frontoia izango dira jaialdiaren erdigune. Egun osoko egitaraua prestatu dute, kulturaz, musikaz eta herri egitasmoz betea.

Joan den urteko Euskararen Eguneko argazkia. Arrakudiagan ospatu zuten. AIARALDEKO EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
Joan den urteko Euskararen Eguneko argazkia. Arrakudiagan ospatu zuten. AIARALDEKO EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
unai etxenausia
2025eko azaroaren 26a
12:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak aurreratu egin du aurten ere Euskararen Nazioarteko Eguna: igandean bertan ospatuko dute eskualdeko Euskararen Eguna, Okondon (Araba). 2016an abiatu zen egitasmoa, Amurrion, eta urtez urte indarra hartu du, Aiaraldeko kultur ekitaldi nagusietako bat da bihurtzeraino. Aurten, Okondoko kultur etxea eta frontoia izango dira jaialdiaren erdigune, 09:30etik 18:00ak arte.

Goizean, mendi martxa, haur jolasak eta elkarteen azoka izango dira nagusi. Kultur eskaintzan, berriz, Aimara antzerki taldea, disko festa eta Kaitin Allenderen emanaldia nabarmenduko dira. Musika arloan ere ez da emankizunik faltako: Eingo taldearen erromeria eta DJ Jon Ozaetaren saioa antolatu dituzte. Eguerdiko ekitaldi nagusia 13:45ean egingo dute, eta orduan izango da «herritarrek euskararekiko konpromisoak publikoki hartzeko garaia». Ondoren, herri bazkaria egingo dute. Arratsaldean, Memealdia 4.0 lehiaketa eta Euskaraktibatu zozketa izango dira egitaraua borobiltzeko.

Egun nagusiaz gain, Aiaraldeko beste udalerriek ere jarduera bereziak antolatu dituzte datozen egunetarako. Laudion, esaterako, euskararen sustapena izango da ardatza. Abenduaren 1ean, astelehenean —Euskararen Nazioarteko Egunean bertan—, euskararen Arabako sustapen plana aurkeztuko dute, eta bertan izango dira Foru Aldundiko eta tokiko erakundeetako ordezkariak. Herriko ikastetxeek, euskaltegiek eta ordezkari politikoek adierazpen instituzional bat irakurriko dute. Azkenik, asteartean, Xare jardunaldien aurtengo aldia egingo dute, gazteen artean euskarazko kultura digitala bultzatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.