Amurrion (Araba) Andre Maria eta San Roke jaiak direla eta, udalak indarkeria matxista prebenitzeko puntu morea ezarriko du udalerriko kioskoan, informazio eta sentsibilizazio gune iraunkor bihurtuz toki hori. Eider Garcia artista arduratu da gune berriaren diseinuaz. Zerbitzua herriko jai guztietan egongo da zabalik, herritarrei arreta eta babesa eman eta prebentzioa lantzeko. Ekimena jaietako udal kanpainaren parte da.
Kioskoa zabalik egongo da abuztuaren 12an, 13an, 15ean eta 16an, 19:00etatik 22:00etara. Abuztuaren 14an, berriz, gaueko ordutegia indartu egingo da, eta gunea 21:00etatik 00:00etara egongo da martxan. Era berean, indarkeria matxistaren aurkako kanpainak bi dinamizatzaile izango ditu Amurrioko kaleetan. Dinamizatzaileen helburua herritarrak «informatzea, sentsibilizatzea eta materiala eskaintzea» izango da.
Udalak indarkeria matxistarik gabeko jaiekin duen «konpromisoa» berretsi du, eta puntu morearen helburua zera da, «edozein egoeratan» herritarrak nora jo dezakeen adierazi. Ospakizunez gozatzera gonbidatu ditu herritar guztiak, «errespetuan, erantzukizunean eta zaintza komunitarioan» oinarrituta gozatu ere. Jai seguruak izango badira gizarte osoaren inplikazioa behar dela azpimarratu du udalak.

