Apirilaren 18an ospatuko dute berriz Trebiñuren Eguna, Argantzonen, 28 urteren ondoren

1998an ospatu zen azkeneko aldiz barrendegia Araban integratzearen aldeko herri jaia, urte hartako herri galdeketarekin bat etorrita. Aurten berpiztuko dute, Argantzonen, aldarrikapen hura indarberritzearekin batera.

Trebiñu Araban integratzearen aldeko protesta, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Trebiñu Araban integratzearen aldeko protesta, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko martxoaren 11
10:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizi luzeko afera suertatu da Trebiñuko (Araba) barrendegiaren egoera administratiboarena. Izan ere, parentesi artean ageri dena eta herritarren aldarrikapenak gorabehera, ofizialki Gaztela eta Leongo autonomia erkidegoaren parte da eskualdea, Burgosko probintziaren barruan. Hala ere, eskualdea Arabak inguraturik dago, eta bertatik jasotzen ditu zerbitzu gehienak. Trebiñuko herritarrek denbora luzea daramate Arabako «zortzigarren kuadrilla» bilakatzea eskatzen, hala izendaturiko zazpi eskualde baititu orain lurraldeak, eta Trebiñu litzateke zortzigarrena. Aldarrikapen horren alde, sarritan ospatu izan zen igaro den mendean Trebiñuren Eguna izeneko herri jaia. Alabaina, 28 urte igaro dira 1998an azkenekoz ospatu zenetik, eta aurten izango da, iragarri dutenez, XXI. mendeko lehen Trebiñuren Eguna, Argantzonen, apirilaren 18an. 

Duela 28 urteko azken Trebiñuren Egun hura martxoaren 8an ospatu zen, eta ez zen edonolako data. Urte hartako herri kontsultarekin bat etorri zen. Hain zuzen ere, Trebiñuko bi udalek —izen bereko Trebiñuko udalerriak eta Argantzongo udalerriak— eta biztanleek sarritan eskatu dute Arabarekin bat egiteari buruzko erreferendum bat, baina Gaztela eta Leongo erakundeek etengabe oztopatu dute. Herri kontsulta harekin, galdeketa hori egitearen alde ote zeuden itaundu zitzaien Trebiñuko herritarrei, eta %68k aldeko botoa eman zuten. Hala ere, ekintza haren ostean, mugimendua hoztu egin zen, baita Trebiñuren Egunaren ospakizuna ere. Azkenaldian, ordea, indarra hartzen ari da berriro, eta horren erakusgarri da Trebiñuren Egunaren ospakizuna berreskuratu dutela Araban integratzearen aldeko eragile eta herritarrek.

Euskararen eta euskal kulturaren alde

Antolatzaileek azaldu dutenez, «elkarbizitza, kultura eta aldarrikapena» uztartzen dituen jai bat ondu nahi izan dute, «Araban integratzearen, euskararen eta euskal kulturaren alde» dagoen edonori irekia izango dena. Ospakizunak, beraz, Trebiñuren arabartasuna eta euskalduntasuna defendatzea du helburu, eta, goiburu horrekin ahalik eta jende gehien bildu eta aldarrikapenei indar berria emateko, programa aberatsa ondu dute antolatzaileek. 

Festa aldarrikapenekin uztartuko du jaieguneko egitarauak. Hala, goizean, besteak beste, euskal dantzak, herri kirolak eta artisauen merkatua egongo dira bertaratu direnen eskura, eta arratsaldean bertso saioa, euskal pilota partidak eta Txalainak musika taldearen saioa izango dira ikusleen gozagarri. Euskal kulturak, beraz, uholde gisara hartuko du Argantzon apirilaren 18an. Tradizioaren hain zale ez direnentzat ere egongo da zeregina: eguerdiko bermuta, disko festa eta gaueko DJa ere prestatu dituzte antolatzaileek. Egunaren erdigune, bestalde, 15:00etako herri bazkaria izango da. Aldarrikapen ukitua 12:30ean izango da, integrazioaren aldeko mahaiak agerraldia egingo baitu, Trebiñuren integrazio prozesuan azkenaldian izandako aurrerapenak eta aurreikuspenak azaltzeko. 

Azkeneko Trebiñuren Egunean 30.000 pertsona inguru batu ziren barrendegia Araban integratzea eskatzeko. Gaur egun ere 2.000 biztanlera iristen ez den eskualde batean, lorpen handia izan zen hura. Aurtengo mobilizazioak hainbeste jende biltzea ez dago aurreikuspenen artean, baina une egokia izango da Trebiñu Araban integratzearen aldeko mugimenduak bere indar berpiztuaren neurria har dezan. 

Eguneko Egitaraua

  • 10:30-12:00: Euskal dantzen topaketa.
  • 11:00-15:00: Artisauen merkatua. 
  • 12:30-14:30: Herri kirolak, puzgarriak, eskulanak eta bermuta.
  • 12:30: Integrazio mahaiaren agerraldia.
  • 15:00: Herri bazkaria.
  • 16:00-17:00: Bingoa eta bertso saioa.
  • 17:00-18:30: Disko festa eta euskal pilota partidak.
  • 18:30-20:00: Txalainak.
  • 20:00-23:00: Joselu Anaiak. 
  • 23:00-01:00: DJ Ozaeta. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA