21 urteko gaztea da Aimar bilbotarra, autismoa du, eta hilabeteak daramatza Gasteizko Udalarekin auzitan, erakunde horrek ez ziolako utzi desgaitasun intelektualen bat dutenentzako lan eskaintza publiko batean parte hartzen. Gasteizko epaile batek birritan egin zuen udalaren erabakiaren aurka, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio administrazioari, eta erabaki du Aimarrek ez zituela betetzen postu hori lortzeko baldintzak. Zerbitzu laguntzaile izateko hamasei postu biltzen zituen lan eskaintza publiko horrek, eta, oinarrietan zehaztutako baldintzen arabera, beharrezkoa zen gutxienez %33ko desgaitasuna izatea postu horietako bat betetzeko. Bada, Aimarrek %49ko desgaitasuna du onartua, autismoagatik. Zergatik ukatu diote, orduan, eskaintza horretan parte hartzea?
Arabako Foru Aldundiak gaztearen desgaitasuna baloratzeko egindako txostenean dago arazoaren jatorria. Erakunde hori arduratzen da desgaitasunen gradua eta kalifikazioa ezartzeaz, eta, egindako txostenean, ondorioztatu zuen Aimarren desgaitasuna ez dela «intelektuala». Gasteizko Udalak txosten hori erabili zuen oinarri moduan gaztea lan eskaintza publikotik kanpo uzteko, eta argudiatu zuen autismoa «desgaitasun soziala» dela, ez intelektuala. Hortaz, gazteak lan eskaintzako lehen azterketak egin bazituen ere, udalak erabaki zuen onartuen zerrendatik kanpo uztea.
Aimarrek eta haren senideek, ordea, iritzi zioten autismoa desgaitasun intelektuala dela eta udalaren erabakia bidegabea zela, eta justiziaren eskuetan jarri zuten auzia. Gasteizko lehen auzialdiko epaileak birritan eman zion arrazoia gazteari, eta, hala, Gasteizko Udalekoei agindu zien utz ziezaiotela azterketak egiten eta zuzendu ziezazkiotela; udalak, baina, erabaki horren aurkako errekurtsoa jarri zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Orain, auzitegi horrek arrazoia eman dio udalari, eta ebatzi gaztea deialditik kanporatzea «izapide administratibo zuzena» izan zela, «autismoa ez delako desgaitasun intelektual bat». Erabakia ez da irmoa oraindik, defentsak aukera baitu auzitegi horren beraren aurrean errekurtsoa aurkezteko.