Basoan izenak ez du tronpatzen: Euskal Herriko oihanak inspirazio hartzen dituzten margolanek osatzen dute Gasteizko ARTgia sorguneak aurkeztu berri duen erakusketa. Alta, oihanekoa bada ere, Larraitz Ugartemendiak (Irun, Gipuzkoa, 1983) eta Jossette Dacostak (Bordele, 1944) ondu duten erakusketa ez da ohikoa, bi artisten arteko «sinbiosi mistikoaren» emaitza baizik. Hain zuzen ere, elkarrekin batera basoan margotuz sortu dute bi artistek erakusketaren buru egiten duen margolan handia. «Bi belaunaldiren mugaz gaindiko elkarrizketa artistikoa» da ondorioa.
Koadro horrekin batera, beste zazpi artelanek osatzen dute erakusketa. Lehena biek batera margotua bada, bi artistek haien bizitokietatik gertuko basoetan haien kasa sorturikoak dira gainerakoak, eta elkarren ondoan, bata bestearekin elkarrizketan, aurkeztu dituzte ARTgia sorguneko hormetan. Izura (Nafarroa Behera) inguruko basoan ondu zuten lehen margolana, eta bertako zuhaitzak eta hostoak izan ditu inspirazio Dacostak, Bordelen jaioa izanagatik, han bizi baita. Oiartzungo (Gipuzkoa) oihanen piztu dute, berriz, Ugartemendiaren sormena.
Belaunaldiz eta mugaz gaindiko artea
Erakusketaren sorreraren istorioa azaldu du Ugartemendiak: Donibane Garaziko erakusketa batean egin zuten topo Dacostak eta berak. Berehala sentitu zuten bien arteko «konexioa», bien artelanek «motibo bera, natura» erabiltzen baitzuten. Orduan egin zion proposamena Dacostari: biek batera artelan bat sortzea, bien inspirazio komuna, basoa, gaitzat hartuta. Iratiko basoetan ez bezala, basoilarrik kantari ez zuten kausitu, baina bai bien arteko «ulermen magikoa». «Artearen bidezko elkarrizketa izan zen, ia hitzik gabekoa, zerbait mistikoa», oroitu du Ugartemendiak.
Dacostarentzako ere esperientzia kitzikagarria izan zen. «Erronka bat zen, sekula horrelako zerbait egin gabea nintzen», azaldu du artista baxenabartartuak. «Larraitzek lan handiagoa egin zuen nik baino», gaineratu du guztien barre artean. Emaitzaz, ordea, harro agertu da, bien arteko elkarrizketa «kromatiko» horrek «basoaren izpiritua» islatzen duela iritzita. Bi artisten lanaren arteko antzekotasunak ere azpimarratu ditu Dacostak, Ugartemendiak egin bezala. Azken horrek ilusioz oroitu du Dacostak berari proiektua buruturikoan esandakoa: «Zure obrak duela 40 urteko nire lanak gogorarazten dizkit».

Hain zuzen ere, ia lau hamarkadako tartea dago bi artisten artean, eta «belaunaldien arteko zubi» den artea sortu izanak pozten ditu biak ala biak. Ipar eta Hego Euskal Herria banatzen dituen mugaren bi aldeak lotu izanari ere garrantzia eman dio sortzaile bikoteak: «Euskal Herriko bi aldeak batzen dituen erakusketa Gasteizen aurkezteari bereziki sinboliko deritzot», azpimarratu du Ugartemendiak. Artea mugak, belaunaldiak eta hizkuntzak gainditzeko gai den tresna dela aldarrikatu dute biek.
ARTgiaren «birsortzea»
Irantzu Lekue eta Alba Tojo izan dira erakusketako komisarioak. ARTgia galeriaren «birsortze» gisa aurkeztu du lehenak erakusketa berria, pandemiaren garaitik «stand by» egoeran bizi izan baita sorgunea, tarteka ekintza artistikoak antolatzen, baina garai bateko erakusketen segidarik gabe. «2020an gauza asko gertatu ziren, eta ezin izan nuen hemen pertsona bat mantendu sorguneaz arduratzeko, aurretik egin bezala», azaldu ditu Lekuek azken urteetako apaltzearen arrazoiak.
Orain, ordea, kausitu du Lekuek sorguneaz arduratzea ahalbidetuko dion kudeaketa kide berria: Murgiako (Araba) Alba Tojo artista gaztea da hori. Sarritan izan da Lekueren lankidea beste hainbat egitasmotan, eta ARTgia bere sormen estanpazioko tailerraren egoitza egin du orain. Horren erakusgarri, Tojoren torkuluak —estanpazioak egiteko balio duen prentsa kalkografikoak, alegia— hartzen du orain aretoaren erdigunea. Kudeatzaile berriarekin, espazioa «aukera berrietarako zabalik» dago orain, eta jardueren ugaritze berria iradoki du Lekuek.