Zortzi orduko ekaitza. Hala zuen izena Sorotan Bele taldearen kanta ezagunak. Baina hain tenpesta luzerik ez da behar gauzak zapuzteko; hamar minutuko zaparradarekin, nahikoa. Halaxe gertatu zen Azkena Rock jaialdiaren bigarren egunean Mendizabalan: The Black Maracas taldea —arratsaldeko estreinakoa— artean jotzen ari zela, ostotsak zabaldu zituen zeruak, eta lurralde lehorragoetatik iritsitako zaleek aspaldian ikusi gabeko euri jasa hasi zen, goian behean. Ziztuan hartu zuten denek abaroa estalperik hurbilenean.

Askok agertoki estali bakarrera, Trashvillera jo zuten babes bila, baina hor ere izan zen komeriarik, ekaitzaren indarrak argirik gabe utzi zituelako gune horren bi espazioak. 18:00etan ziren La Salve gunean jotzekoak The Damn Truth Kanadako taldekoak, baina eszenatokia urez gainezka aurkitu zuten, eta ezin izan zuten jo. Une batez, bazirudien arriskuan zela jaialdiaren bigarren egunak aurrera egitea, tximistak eta trumoiak ugarituz gero hainbat emanaldi bertan behera uzteko aukera ere ez baitzuten baztertua antolatzaileek.
Hori guztia, hamar minutuko ekaitzagatik. Seiak alderako, ordea, giroa baretu egin zen, eta antolatzaile zein zaleak hasi ziren lehen esperantza izpiak ikusten. Anime generoko japoniar marrazki bizidunetako pertsonaia bat balitz bezala agertu zen oholtzan The Del Fuegos taldeko Dan Zanes abeslaria, bere ile urdina Respect guneko kolore beltzekin kontrastean, eta bere aterpera dei egin zien rockaren maitaleei. Taldeak Backseat Nothing jotzeari ekin orduko, zale asko irten ziren haien gordelekuetatik, Bostongo taldearen erritmora dantzatzeko.

Askorentzako laburra baina hala ere trinkoa izan zen emanaldian, Long Slide bezalako klasikoak If You Don’t Know By Now moduko cover berriagoekin nahastu zituzten The Del Fuegosekoek. Amaitu zutenerako, zerua oskarbi zen, eta hasiera batean zapuztuta geratu zen The Damn Truth taldeak ere izan zuen, geroago izan bazen ere, La Salveko gunean jotzeko aukera.
Gitarrak markaturiko erritmo bizi-bizian, zaleak eroen pare eraman zituzten abesti batetik bestera kanadarrek. Love Outta Luck eta All Night Long abestiekin, besteak beste, saltoka eta jauzika jarri zituzten entzuleak. Dena emanda aritu ziren taldekideak, eta, The Del Fuegosekoekin alderatuta hasiberriak izanagatik, askorentzat aurtengo jaialdiko aurkikuntzetako bat izango ziren ziurrenik.
Berriro ere, Ortzi haserre
20:00ak baino lehentxeago, ordea, berriro ekin zion euriak. Oraingoan zale gehienak prestatuago harrapatu zituen, aterkiak eta kapusaiak nagusitu baitziren. «Hamar minutuan pasatuko da, ikusiko duzue», zale batek besteari; Trashville gune estaliaren abaroan, hori bai. Hain zuzen ere, 20:00etan hantxe jo behar zuen Stompin’ Riffraffs talde japoniarraren mesedetan jokatu zuen bigarren euri jasak, haien rockabilly aire klasikoak haizatzen hasterako entzule samalda baitzuten aurrean. Dantza askorik ezin egin mukuru betetako gunean, baina nahita zein nahi gabe han bildu zirenek Tokioko taldearen tempo biziarekin gozatu ahal izan zuten.Â

Euskal Herrian lehen aldiz jo zuen Sugar taldea ere ez zuen barkatu euriak. Tanta bakan batzuk izan ziren hasieran, dutxa on bat hartzeko moduko kopurua gero, baina ikusleek, ordurako ohituta, ez zuten zirkinik ere egin hirugarren ukaldian, eta, kapusaiak jantzita, tinko eutsi zuten estatubatuarren emanaldia entzuteko. Zer entzuna bazegoen. Changes abestian, zera diote taldekideek: «Oroitzeko moduko zerbait nahi dut, baita betirako irauten duen zerbait ere», eta, 30 urteko etenaldiaren ondoren, oraindik ere oroitzeko eta betiko irauteko modukoak direla erakutsi zuten Sugarrekoek, ikusleak rock aratzarekin 90eko hamarkadaraino eramanda.Â

Zeru gupidagabea gaueko erregearen aurrean soilik makurtu zen, Alice Cooperri bakarrik barkatu baitzion euriak. Estatubatuarrak darabilen iruditeriak eta eszenografiak izango zuen zerikusirik, jainko-jainkosak ikaratzeko moduko zuzenekoa baitu Cooperrek. Eskuetan makila, ezpata edota marakak hartuta Dirty Diamonds abestean ikusleei diamantezko lepokoak jaurtitzen, Feed My Frankenstein kantatzeaz batera Frankensteinen panpina handi bat elikatzen, nahiz Hey Stoopid kantua oihukatu bitartean sasi-argazkilari bat hiltzen... Halako antzezpenetan ere aritu zen Cooper, ikusleak sorginduta uzteraino.
Spark In The Dark kantatuz hasi zuen musikariak emanaldia, eta argi utzi zuen Mendizabaleko iluntasuna urratzera heldutako txinparta ez, baizik eta sute bat zela; eta etxea sutan jarri zuen, hain zuzen ere, House On Fire ezagunaren erritmora. Emanaldiak aurrera egin ahala hasi ziren berriro ere euri tantak, baina publikoa erabat suharturik zegoen ordurako, eta ereserki baten pare kantatu zuten, eztarria lehertu beharrean, Poison abestia. Sua erraietan eta pozoia ezpainetan utzi zituen, beraz, Cooperrek ikusleak, gauaz gozatzen segitzeko indarrez beterik, horixe beharko baitzuten ondotik zetozen Evaristo, Voivod eta enparauak ikusteko. Gau ekaiztsu eta suharra, finean, ostiralean Mendizabalan bizitakoa, eguraldiaren zein musikaren aldetik.Â