FIAR jaialdiak saio batzuk emango ditu urrian amatasunarekin lotutako doluari buruz, Gasteizko Arkabian

Ugalketari lotutako dolua edo amatasunik ezarekin lotutako gatazken inguruko esperientziak landuko dituzte jaialdiaren bigarren aldian. Arte eszenikoak, gorputzaren lana, irudia eta sorkuntza kolektiboa uztartuko dituzte.

Alma Maria Aguado da saioetan parte hartuko duten adituetako bat. FIAR
Alma Maria Aguado da saioetan parte hartuko duten adituetako bat. FIAR
2026ko uztailaren 20a
13:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ugalketari lotutako doluaren eta amatasunik ezaren inguruko esperientziak landuko dituzte FIAR Arabako sormenaren jaialdi ibiltariaren bigarren aldian. Gasteizko Arkabia kulturgunean egingo dituzte Kore: dolua keinu bihurtzen izeneko sormen saioak, urrian, eta izena emateko epea zabalik dago jada. Orotara hamabost lagunek parte hartu ahal izango dute urriaren 17an, 18an, 24an eta 25ean egingo diren saioetan. Egitasmoaren helburua da isilean bizi izandakoak «espazio seguru batean» lantzea, antolatzaileek azaldu dutenez.

Horretarako, arte eszenikoak, gorputzaren lana, irudia eta sorkuntza kolektiboa uztartuko dituzte, eta bizipen mingarri horiek zaintzaren, laguntasunaren eta sorkuntzaren ikuspegitik landu. Proiektua ugalketa lagunduko prozesuetan ibilitako emakumeentzat pentsatua dago bereziki, eta ama izateko modurik izan ez duten emakumeek saioetan parte hartu ahal izango dute, aukera izan dezaten egoera horrek eragindako gatazkei heltzeko. Parte hartzeko ez da beharrezkoa aldez aurretik inolako diziplina artistikotan esperientziarik izatea.

Saioak Alma Maria Aguado eta Alba Maria Dunas adituek zuzenduko dituzte. Aguado antropologoa, gizarte langilea eta trauma konplexuetan espezialista da. Gainera, arte terapian eta «dolu anbiguoei» lotutako erritual garaikideetan trebatu da sortzaile gisa. Dunas, berriz, Gestalt arte terapeuta, interpretea eta sortzailea da. Haren jarduna laguntza emozionalaren eta sorkuntza artistikoaren arteko loturan oinarritua dago.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA