Arabako Probintzia Auzitegiak 1.800 euroko isun bana jarri die Gasteizko bi udaltzaini, 16 urteko gazte bat «neurrigabeko indarkeria» erabilita atxilotzen saiatzeagatik. Horrez gain, 4.380 euroko kalte ordaina ere eman beharko diote gazteari. Gaztea oinezkoen bidean patinete elektriko bat gidatzen ari zen udaltzainak hura atxikitzen saiatu zirenean. Epailearen arabera, «gehiegizko indarkeria» erabili zuten hura atxilotzeko orduan.
2023an jazo ziren gertakariak. Sententzian jaso dutenez, udaltzainek gelditzeko agindua eman zioten espaloitik patinete elektriko batean zihoan gazteari, baina hark «ez zion men egin aginduari eta ihesera jo zuen, abiada handian». Udaltzainak atzetik jazarri zitzaizkion motorrean. Harrapatzea lortu zutenean, poliziek lurrera bota zuten gaztea, eta ahuspez jarri zuten eskuburdinak jartzeko.
Epailearen arabera, ordea, udaltzainek «bortizki eta beharrik gabe» presio handia egin zuten beren belaun eta besoekin adingabearen hainbat gorputz ataletan, eta, horren ondorioz, gazteak hainbat lesio jasan zituen, batez ere aurpegian, eskumuturretan eta hanketan. Lesioak horien larriak izatea eta eragindako kalte psikologikoak agenteen jarduera ezegokiaren ondorio direla iritzita, epaileak udaltzainak zigortu ditu lesio delitu batengatik. Leporatzen zitzaizkien tortura eta tratu umiliagarrien delituei dagokienez, ordea, errugabe direla ebatzi du epaileak.