Gasteizko hilerrietan hilobiak «erraz aurkitzeko» aplikazio bat sortu du udalak

Santa Isabel eta El Salvador hilerrietan erabili ahalko da. QR kodeak eskaneatuta, erabiltzaileek informazio osoa eta mapa interaktiboa jasoko dute segundo gutxian.

Gasteizko Santa Isabel hilerria. Artxiboko irudia. JUANAN RUIZ / FOKU
Gasteizko Santa Isabel hilerria. Artxiboko irudia. JUANAN RUIZ / FOKU
unai etxenausia
2025eko urriaren 21a
12:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Santa Isabel eta El Salvador hilerrietan ehortzita dauden hildakoen hilobiak «modu erraz eta bisualean aurkitzeko» aplikazio digital berri bat aurkeztu dute gaur goizean. Tresna horri esker, bisitariek beren hurkoak segundo gutxian topa ditzakete, «modu intuitibo eta errespetuzkoan». Udalak 1850. urtetik jasotako 144.000 erregistro informatizatu ditu, eta aplikazio berria erregistro historiko horien digitalizazioaren emaitza da.

Gasteizko Udaleko Administrazioa Modernizatzeko Sailak garatu du aplikazioa, eta QR kodeak instalatuko dira bi hilerrietan. Erabiltzaileek kodea eskaneatu eta hildakoaren izena eta abizena sartzean, berehala agertuko da informazio fitxa: kalea edo etxadia, letra eta zenbakia, heriotza data eta hilerri barruko kokapen zehatza duen mapa. Kointzidentzia bat baino gehiago izanez gero, heriotza data gehituz doitu daiteke bilaketa.

251021 Aplicativo cementerios scaled
Artolazabal aplikazioa frogatzen, gaur goizean, Gasteizko udaletxeko prentsa aretoan. GASTEIZKO UDALA

Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak eman du albistea. Azaldu duenez, «sistema oso bisuala eta erabilerraza» da: «Nahikoa da kodea eskaneatzea eta bi datu betetzea; segundo gutxian, informazioa eta bisitaria orientatzen duen mapa azalduko dira».

Azkenik, zinegotziak gaineratu duenez, aplikazioak giza balio handia du: «Norbaitek maite duen pertsona baten atsedenlekua bilatu nahi duenean, ez du bulegoz bulego ibili nahi, ezta plano zaharrak kontsultatu ere. Erantzun azkarra, zehatza eta errespetuzkoa eskaintzea izan da gure helburua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.