Gasteizko Udalak onartu du elurtean ez zutela zabaldu etxegabeentzako egoitza berria, altzarien zain zeudelako

Udalak azaroaren 17an iragarri zuen laster zabalduko zutela egoitza berria Zaramaga auzoan. Elkarrekin-ek salatu du azaroaren 21ean egindako elurtean egoitza ez zutela zabaldu.

 Etxegabe bat, Gasteizen, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Etxegabe bat Gasteizen, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
2025eko abenduaren 1a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ia udazkenik gabe, iritsi da negua Arabako hiriburura, egun batetik bestera. Hotza egin du azken egunetan, eta Euskal Herriko hainbat tokitan bezala, azaroaren 21ean Gasteizen ere elurra egin zuen. Elurtea baino lau egun lehenago, udalak iragarri zuen Zaramaga auzoan egoitza bat irekiko zuela, hotz handia edo elurra egiten zuenean etxegabeek gaua bertan igarotzeko, baina ez zuten agindutakoa bete. Udalak BERRIAri azaldu dio errua altzarien enpresarena dela, altzariak noiz iritsiko zain daudela: «Altzarien enpresa ez da ari hitzartutako epeak betetzen, eta horrexegatik ez dugu ireki Zaramagako gunea oraindik. Espero dugu hemendik egun gutxira zabaltzea, baina ezin dugu ezer ziurtatu».

Bada, egoitzak ateak itxita eduki izana salatu du Elkarrekin Gasteizek. Hain zuzen, azaroaren 17an eman zuten egoitza berriaren berri, eta Elkarrekin Gasteizek salatu du azaroaren 21ean egin zuen elurtean ez zutela egoitza zabaldu. 

Gasteizko Udalak gizarte langilez, gizarte hezitzailez eta psikologoz osatutako Hurbil izeneko talde bat du. Talde horrek aurkeztutako azken lanean erakutsi zuten Gasteizen 233 pertsona bizi direla kalean gaur egun. Egoerak, ordea, ez du hobera egingo. Aste honetan bertan, beste etxegabetze bat baitago iragarria: ostegunean, Alde Zaharrean.

Etxegabeak artatzeko hainbat baliabide ditu Gasteizko Udalak: Harrera Sozialerako Udal Zentroa —HSUZ— eta Aterpe egoitzak urte osoan daude zabalik. Iazko neguan, oposizioak gogor salatu zuen baliabide horiek ez zirela nahikoak. Zero azpiko tenperaturak daudenean edo elurra egiten duenean «ateak irekitzeko jardunaldiak» egiten dituzte. Udaleko Gizarte Politiken sailak BERRIAri adierazi dioenez, negu honetan, oraingoz, hiru egunez ezarri dute egoera hori. Egun horietan, HSUZ eta Aterpe egoitzetan leku gehiago eskaintzen dituzte, eta Arquillosen dagoen gunea ere zabaltzen dute. Aurten, oposizioaren urte hasierako erantzuna jasota, eta egoerak hobera egin ez duela ikusita, negurako beste harrera baliabide bat irekiko dute Zaramaga auzoan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.