Gasteiztik Getaferaino (Madril, Espainia): 400 kilometroko ibilaldia. Ez da ostera samurra, baina erronkaren tamaina are handiagoa da oinez egin beharrean gurpil aulkian egiten bada. Horixe bera egingo dute Caminus elkarteko Rubenek eta Josek. Giharretako distrofia dute biek, muskuluen galera eragiten duen gaixotasun arraro bat, eta gurpil aulkia erabili behar dute. Horrelako gaixotasunak ikusarazteko eta horiek ikertzeko dirua biltzeko sortu zen Caminus elkartea, eta horrexetarako, hau da, ikerketarako dirua biltzeko, egingo dute 400 kilometroko bidea bi lagunek.
Ez dira, ordea, bakarrik joango: elkarteko Antonio izango dute lagun; oinez joango da biei lagun egiteko. «Hasiko gara, baina ez dakigu bost kilometroren buruan mailaren bat aurkitu eta atzera egin beharko dugun, beste bideren baten bila», adierazi du Josek, gurpil aulkian ibiltzearen zailtasunak azpimarratzeko. «Umore onez» ekin diote, ordea, hirurek bideari, goizeko hamarretan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik. 400 kilometroko ibilbidean 12.000 euro biltzeko asmoa dute, hiru euro kilometro bakoitzeko, gutxi gorabehera.Â
«Espainia osoan, hiru milioi pertsonak dituzte gaixotasun arraroak», nabarmendu du Rubenek. Gasteizek hasiera-hasieratik haien egitasmoari emandako babesa eta «harrera beroa» ere nabarmendu dituzte hiru bidaiariek. Aurten seigarren aldiz egingo dute ibilaldia dirua biltzeko asmoz. Aurreko bi urteetan Vigora (Galizia) bidaiatu ostean, aurtengoan Getafera joango dira, hango enpresa batek hitzeman baitie gaixotasun arraroak finantzatzeko 12.000 euro emango dizkiela. «Egunero bost edo sei orduko bidea egitea espero dugu», azaldu du Antoniok. Ondo bidean, ekainaren 11n iritsiko dira Madrilgo aldirietako udalerrira.Â