Buru gaixotasunen bat dutenen eta senideen Arabako elkartea da Asafes. 50 urte beteko ditu aurten, eta ibilbide luzean egindako lana gizarteratzeko programa zabala ondu du. Uztailaren 2ko gala solidarioarekin joko du goia, baina beste hainbat ekintza ere programatu dituzte: Korrikan parte hartu zuten, urteroko ibilaldi solidarioa inoiz baino indar handiagoz ospatuko dute, eta abar. Gaur egun, 43 langile ditu elkarteak, baita 30 bat boluntario ere, eta 600 familia inguru ditu bazkide. Elkartearen lana, ordea, gizarteko atal askotara iristen da, urtean 500 bat kasu artatzen baitituzte, eta haien gazte programak beste horrenbeste haur eta nerabe hezten eta sentsibilizatzen baititu. Elkartearen historia eta jarduna azaldu ditu Vanesa Vadillo (Gasteiz, 1978) Asafeseko gerenteak.
Aurten betetzen ditu elkarteak 50 urte, eta osasun mentalaren alorrean mota honetako lehen elkartea izan zineten. Zerk bultzatu zintuzten hura sortzera?
Duela 50 urte, osasun mentaleko gaitzak zituztenak oso bestelako egoera batean zeuden, gaurkoarekin alderatuta. Lehenago, gizartetik at bizi ziren. Ospitale psikiatrikoetan sartzen zituzten, eroetxe deitzen genien horietan. Jende asko bertan sartzen zen, eta ez zen berriro irteten. Areago, gaixotasun mentalik ez zuen jende asko ere instituzionalizatzen zuten. Pertsona horien guztien eskubideak urratzen ziren, eta gizartetik banantzen zituzten.
Hori ikusirik, familia talde batek, osasun mentalaren arloko profesionalen laguntzarekin, elkarte hau sortzea erabaki zuen, osasun mentaleko arazoak dituztenen duintasuna aldarrikatu eta haien alde borroka egiteko, baita familien artean elkar sostengatzeko ere, pertsona horiei laguntzeko orduan rol garrantzitsua baitu familiak.
Gaitz horien artan eraldaketa handiak egon direla diozu. Zer aldatu da?
Lehen, ikuspuntu oso biologizista nagusitzen zen buruko gaixotasunen alorrean. Pertsonak ikuspuntu medikotik soilik artatzen ziren, eta gaur egun baino estigmatizazio askoz handiagoa zegoen. Finean, erotzat hartzen genituen gaixo horiek, eta gizartetik banantzen saiatzen ginen, gogaitzen gintuztelako. Urte hauetan zera lortu dugu, pertsona horiek bizitza proiektu autonomo bat izatea, ahalik eta bizimodu autonomoena egin dezaten, behar duten sostengu guztiarekin. Batzuek sostengu handiagoa behar dute, beste batzuek txikiagoa, baina helburua da guztiek bizitza proiektu bat izatea, beste edozeinek izan nahiko lukeen legez.
Bestalde, osasun mentaleko pertsonak zaintzen dituztenei ikusgaitasuna ematea ere lortu dugu. Familiak, esan bezala, sostengu oso inportantea dira; haiek gabe, sarri, egoera askoz okerragoa litzateke. Finean, osasun mentaleko gaitzak dituzten pertsonak desinstituzionalizatzea eta gizartean txertatzea da urteotako lorpenik handiena.
Sarri aipatzen duzu familien rola. Nola laguntzen diezue senideei? Eta nola laguntzen diete haiek osasun mentaleko arazoak dituztenei?
Beti esan ohi dugu gidalibururik gabe etortzen direla buruko osasun arazoak. Senideren batek buruko gaitzen bat duela jakitean, familia arduratu egiten da, baina ez daki ongi zer egin, zeinen larria den, zerbaitetan lagun dezakeen eta abar. Orduan, familia horiek artatzen saiatzen gara, haiei informazioa ematen, senidearen gaixotasuna zertan datzan azaltzen... Hortik aurrera, sostengua senti dezaten, tresnak ematen eta espazioak sortzen saiatzen gara.
Maila indibidualean zein kolektiboan ematen diegu sostengu hori. Autolaguntza taldeak ditugu, bertan familiek beren egoeraren berri eman dezaten. Zainduz programa publikoa ere kudeatzen dugu, aldundiaren finantzaketarekin. Horren bitartez, familiek egun batzuetan senideak zaintzearen karga ahaztu dezakete, eta gaixoek bestelako errealitateak ezagutu ditzakete.
Azken batean, familiek nolabaiteko norabidea edo pauta bilatzen dute, osasun mentaleko gaixotasun horiei aurre egiteko orduan ezezagutza handia baitago oraindik gizartean.
Ezezagutza nabaria da, baina buruko osasuneko gaitzak gora ei doaz. Nabaritu al duzu gorakada hori?
Bai, bai, gero eta kasu gehiago iristen zaizkigu, baita profil oso ezberdinekoak ere. Historikoki, profil oso kronikoa zutenak artatzen genituen, 40 eta 60 urte artekoak, eta, batez ere, gizonak. Azkenaldian, ordea, gero eta emakume gehiago etortzen dira, eta gero eta gazteagoak dira.
Nik hor bi interpretazio egiten ditut. Batetik, egia da gazteek gero eta ezinegon emozional handiagoa adierazten dutela. Baina, beste aldetik, gero eta normalizatuago daude osasun mentaleko gaitzak, eta gizarteak onartu du buruko osasuna ere zaintzeko beharra. Beraz, gaur egun, arazoren bat badela ikustean, berehala etortzen dira gugana, ez dute itxaroten hori larriagoa den arte edo diagnostiko bat izan arte. Sarritan, diagnostikorik gabe ere jotzen dute gugana, zein baliabide dauden eta nora jo behar duten jakiteko. Hortaz, ez da soilik buruko gaixotasunak gero eta ohikoagoak direla, horien inguruko kontzientziari esker sarriago detektatzen direla baizik.
Gazteak aipatu dituzu. Haur eta nerabeen artean ere egin dute gora buru osasuneko arazoek?
Bai. Guri bi profil nagusi iristen zaizkigu. Batetik, gaitz mental larriren bat duten edo garatzeko arriskua duten gazteak. Horiek berehalako arreta behar dute. Baina nolabaiteko sufrimendu mentala duten gazteen familiak ere iristen zaizkigu, hori nola kudeatu jakin ezinik eta laguntza eskean. Gu bi profilak artatzen saiatzen gara, baina gaitz larrienak dituztenengan zentratzen gara, zenbat eta lehenago artatu orduan eta hobeak baitira aurreikuspenak. Haien bizitzak ahalik eta lasterren onbideratzen saiatzen gara, gaztaroan hain garrantzitsuak diren adiskidetasunak, ikasketak edo lana gal ez ditzaten.
Gazten artean, suizidioen gorakadak alarma soziala piztu du azkenaldian. Benetan gertatzen den fenomeno bat al da hori?
Hein batean, hala da. Norbere buruaz beste egitearen inguruko ideiak eta bere buruaz beste egiteko saiakerak banatu behar ditugu hor. Beren buruaz beste egiten duten gazteen kopurua ez da hainbeste handitu, baina lehen baino gehiago dira saiatzen direnak, eta are gehiago horren inguruko ideiak dituztenak.
Autolesioaren afera ere hor dago. Ez dago beti suizidioarekin lotuta, baina arrisku faktorea izan daiteke. Hori ere gero eta gehiago artatzen dugun arazo bat da, lehen hainbeste ikusten ez zena. Pandemia garaia erabakigarria izan zen hor.
Pandemia da arrazoi nagusia, edo badira hor faktore gehiago?
Nire ustez, pandemia estres handiko garaia izan zen, guztion osasun mentalari eragin ziona, baina, batez ere, gazteenari. Hala ere, beste faktore asko daude: nola kudeatzen den orain frustrazioa, gaur egungo balioak, nola hezten ditugun gazteak... Fenomeno oso konplexua da, multikausala, eta ezin da arrazoi bakarra aipatu.
Baina egia da lehenago autolesioak edo norbere buruaz beste egiteari buruzko ideiak zerbait mugatuagoa zirela, eta orain, berriz, oso ohikoak direla. Ikastetxeetan hitzaldiak ematen dituzten kideak ditugu, eta gai hori pil-pilean dagoela ikusten dute; hezitzaileek ere horixe bera esaten diete, beldurtzeko moduko egoerak dituztela gazteen artean.