Gasteizko Udaltzaingoak 19 urteko gizon bat atxilotu zuen larunbat arratsaldean, 14 urteko neska bati tratu txarrak ematea eta sexu erasoa egitea leporatuta. Mutila neskaren «bikotekidea» zen, udaltzainen arabera, eta kalean oldartu zitzaion neskari, lekukoek salatu zutenez. Mutilak neskari «irain eta eraso» egin zion, eta sakelako telefonoa kendu zion «bortizki». Biak batera aurkitu zituzten agenteek, eta, lekukoak galdekatu ostean, 19 urteko gaztea atxilo eraman zuten, aipaturiko delituak leporatuta.
Beste hiru gizon ere atxilotu dituzte udaltzainek Arabako hiriburuan asteburuan. Larunbat gauean, 25 urteko gizon bat atzeman zuten agenteek Anglo-Vasco auzoan. Lekukoek udaltzaingoari dei egin zioten, etxebizitza batean kolpeak eta emakume baten laguntza eskeak entzun zituztelako, eta, bertaratutakoan, poliziek gizona eskaileretan behera ihes egiten harrapatu zuten. Odolak zikinduta zituen arropak, eta, etxera igota, han aurkitu zuten udaltzainek gizonaren bikotekidea, odoletan. Andreak udaltzainei adierazi zienez, ez zen lehen aldia gizonak eraso egiten ziona; agenteek atxilo eraman zuten gizona, indarkeria matxista egotzita.
Larunbat gauean bertan, udaltzainek 31 urteko gizon bat atxilotu zuten, bikotekide ohiarengana ez hurbiltzeko agindua haustea egotzita, harekin batera baitzihoan gizona Abetxukuko tranbian. Gaur goizaldean, berriz, 27 urteko gizon bat atxilo eraman dute agenteek. Lekukoen arabera, «bere onetik at» iritsi zen etxera, droga erosteko diru eske. Senideek eman ez, eta amari, arrebari eta osabari eraso egin zien, baita hirurak zauritu ere. Etxeko atarian harrapatu zuten udaltzainek, eta eraso horiengatik atxilotu zuten.Â

