Gasteizko Udaltzaingoak 47 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, arratsaldeko bostetan, bikotekide ohiari labanarekin mehatxu egitea egotzita. Udaltzainak Koroatzea auzoko etxe batera bertaratu ziren, auzokideek irainak eta mehatxuak entzun zituztelako. Emakume bat aurkitu zuten etxean, seme-alaba adingabeekin.
Andrearen arabera, gizona, haren bikotekide ohia, etxeko atean agertu zen, labana eskuan, eta irainka eta mehatxuka aritu zitzaien. Ganibetarekin ere egin zien mehatxu gizonak, baina alde egin zuen udaltzainak zetozela jakitean. Ihesak ez zuen asko iraun, gertaturikoak lekukoen testigantzekin baieztatu ostean gizonaren bila abiatu baitziren agenteak, eta handik gutxira atzeman zuten. Atxilo eraman zuten gizona, indarkeria matxista leporatuta.
Sexu erasoak Anoetan
Anoetako Udalak eta Anoetako Erasoen Aurkako Batzordeak (Gipuzkoa) jakinarazi dute hainbat andrek salatu dutela gizon batek sexu erasoak egin zizkiela larunbatean, herriko jaietan. Azaldu dute indarkeria matxistari erantzun publikoa emateko protokolo bat aktibatu dutela, «beharrezkoa den koordinazioa bermatzeko» eta erasoa jasandakoei eta haien gertukoei «arreta egokia» emateko.
Hortaz, sexu erasoak gaitzesteko elkarretaratzera batzeko deia egin du udalak, 19:00etan, Anoetako plazan. «Herritar guztiak elkarretaratzean parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, indarkeria matxistaren aurka agertzera eta indarkeria horren biktimei bakarrik ez daudela adieraztera».

