Gizon bat espetxeratu dute Getxon, bikotekide ohia labana batekin larri zauritzea egotzita

Gasteizen 31 urteko gizon bat atxilotu dute goizaldean, bikotekideari eraso egitea leporatuta.

Eraso matxistak salatzeko elkarretaratze bat, Gasteizen, artxiboko irudi batean. BERRIA
Eraso matxistak salatzeko elkarretaratze bat, Gasteizen, artxiboko irudi batean. BERRIA
Peru Amorrortu Barrenetxea - Julen Urrestarazu
2026ko otsailaren 3a
14:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizon bat atxilo hartu zuten larunbatean Getxoko Algorta auzoan (Bizkaia), bikotekide ohiari labana batekin eraso egitea leporatuta. Gaur sartu da espetxean, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Arloko Getxoko Epaitegian deklaratu ostean.

Erasoa 13:35ean gertatu zen, eta lekuko batzuek eman zieten abisua udaltzainei. Gizona erasoa gertatu zen lekutik gertu zegoen, eta aitortu zuen emakumeari eraso egin ziola. Bertan hartu zuten atxilo, eta labana ere aurkitu zuten. Emakumea larri zaurituta zegoen poliziak harengana joan zirenean, eta ospitaleratuta dago oraindik, zauriengatik.

Erasoa Gasteizen

Gasteizko Udaltzaingoak 31 urteko gizon bat atxilotu zuen bart, 01:00 aldera, indarkeria matxista egotzita. Udaltzainek Anglo-Vasco auzora joateko abisua jaso zuten goizaldean, gizon batek emakume bat etxetik bota zuela eta.

Hara joatean, agenteek kalean aurkitu zuten emakumea, pijama jantzita. Andreak udaltzainei adierazi zienez, bikotekideak eraso egin zion, eta ondoren kalera bota. Gizonak beste bi alditan ere eraso egina ziola kontatu zuen emakumeak. Andreak lesioak zituela ikusita, bikotearen pisura igo ziren agenteak, eta gizona atzeman. Atxilo eraman dute, indarkeria matxista egotzita. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.