Greba mugagabea hasi dute Gasteizko eta Aguraingo kirol instalazioetako langileek

Disport Eki enpresako langileek salatu dute hainbat hilabete daramatzatela nominak epez kanpo kobratzen.

Disport Eki enpresako langileen protesta bat, artxiboko irudian. ELA SINDIKATUA
Disport Eki enpresako langileen protesta bat, artxiboko irudian. ELA SINDIKATUA
Edurne Begiristain.
2024ko maiatzaren 8a
13:34
Entzun

Greba mugagabea hasi dute gaur Gasteizko eta Aguraingo (Araba) kirol instalazioetan zerbitzuak ematen dituzten langileek. ELA, LAB, CCOO sindikatuek deituta abiatu dute lanuztea, nominak «etengabe berandu» kobratzen dituztela salatzeko. Nagusiki, begiraleak, sorosleak eta kantxa, futbol zelai eta pilotalekuen zaindariak dira, eta gaur egun 150 lagun inguruk osatzen dute plantilla.

Langileek salatu dutenez, denbora luzea daramate nominak epez kanpo kobratzen. Disport Eki enpresak berandu ordaindu dizkie sei hilabete 2022an, bederatzi hilabete 2023an, eta bi hilabete 2024an. Are, enpresak langileen batzordeari jakinarazi dio ez duela apirileko nomina garaiz ordaintzea aurreikusten, nahiz eta hitzarmenean zehaztua duen beranduenez hilaren zazpigarren egunean ordainduko duela. Azken bi urteotan, enpresa batzordeak hamar salaketa baino gehiago jarri ditu lan ikuskaritzan, baina arazoak bere horretan jarraitu duenez, grebara jotzea beste biderik ez dute ikusi beharginek.

Otsailean abiatu zituzten protestak, eta ordutik «presioak eta xantaiak» jaso dituztela salatu dute langileek. Hala ere, argi dute mobilizazioekin jarraituko dutela, eskatzen dutena «oinarrizkoa» dela. Horrekin batera, instituzioen jarrera salatu dute, «hitzarmena behin eta berriz urratzen duen azpikontratatutako enpresa bat» lehiaketa publikoekin saritzen dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.