Azken egunetako beroteak heriotza bat eragin du bart arratsean Araban: Osakidetzak jakinarazi duenez, 80 urteko gizon bat zendu zen atzo, tenperatura altuengatik. Larrialdi zerbitzuen arabera, beroaldiaren ondorioak nozitzen dituen populazio zaurgarriaren parte zen gizona, adinarengatik eta aurretik zituen bihotzeko arazoengatik.
Orotara, EAEko osasun zerbitzuek 31 pertsona artatu dituzte, bero handiak eragindako osasun arazoengatik. Nafarroan, Osasunbideak ez du beroaldiagatik artatutako herritarren berririk eman. Gaur ere, tenperatura altuek eragindako alerta meteorologikoak indarrean daude Euskal Herri osoan: abisu horia ezarri dute Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, eta abisu laranja Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Hori dela eta, biztanle zaurgarrienei beroaren kontrako prebentzio neurriak hartzeko eskatu diete osasun zerbitzuek. 4 urtetik beherako haurrek, adinekoek, haurdunek, gaixo kronikoek eta aire zabalean aritzen diren langileek dute beroaren efekturik larrienak nozitzeko arriskua.