Ia lau urteko kartzela zigorra Gasteizko udal txakurtegiko zazpi boluntarioren aurkako sexu erasoengatik

Udaleko langile ohi bati hiru urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio epaileak, Gasteizko udal txakurtegia kudeatzen duen Aspasos erakundeko zazpi boluntariori sexu erasoak egiteagatik. Akusatuak erruduna dela deklaratu du.

Gasteizko txakurtegia, 2020an, erasoak jazo ziren garaian, 2023ko erreforma handia baino lehen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Gasteizko txakurtegia, 2020an, erasoak jazo ziren garaian, 2023ko erreforma handia baino lehen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko martxoaren 12a
12:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko 2. zigor auzitegiak hiru urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio hiriko Animaliak Babesteko Zentroko langile ohi bati. Udal txakurtegiaren funtzioak betetzen ditu zentro horrek, eta, Gasteizko Udalaren jabetzakoa bada ere, Aspasos GKEko boluntarioek kudeatzen dute egunerokoan. Hain zuzen ere, boluntario horietako zazpiren aurkako sexu erasoak eta hertsapenak egiteagatik zigortu du epaileak gizona.

EFE agentziak zabaldutakoaren arabera, akusatuak erruduntzat jo du bere burua, eta defentsarekin akordio bat egin du, kondena apaltzea lortzeko. Kondenak, aipaturiko kartzela zigorraz gain, biktimengandik sei urtez urruntzeko agindua ere ezartzen dio erasotzaileari ―hiru urte sexu erasoengatik, eta beste hiru urte hertsapenengatik―. Horretaz gain, 21.000 euroko kalte ordaina jasoko dute biktimek. Kalte ordain horren erdia kondenatuak ordaindu beharko du, baina beste erdia Gasteizko Udalak eman beharko du, epaileak kontsideratu baitu udala «erantzule zibil subsidiarioa» dela. 

«Ukituak» eta «bortxaketa»

Ez da akusatuaren lehen zigorra: 2022tik, sei urteko beste kartzela zigor bat betetzen ari da Zaballako espetxean, bere bikotekidearen aurkako bortxaketa delituagatik. Biktima hura ere Aspasos elkarteko kidea zen, eta aipaturiko udal txakurtegian egiten zuen lan. Gaurko zigorra ekarri duten gertakariek, ordea, 2018an dute hasiera. Orduko hartan, kondenatua albaitari laguntzailea zen Gasteizko udal txakurtegian, eta, akusazio partikularrak salatu duenez, 2018 eta 2020 artean ukituak egin zizkien lau boluntariori, haien baimenik gabe. Uko eginez gero, boluntarioek akusatuaren mehatxuak jasotzen zituzten. Haietako bat «denbora laburrez» txakurtegiko geletako batean ere atxiki zuen akusatuak.

2020an salatu zituzten biktimek gertakariak, eta Gasteizko Udalak fiskaltzari eman zion horren berri. Gainera, akusatua, ordura arte udal langilea, kaleratu egin zuten. Kondenatua datorren urtean da kartzelatik irtetekoa, eta kondena berriak ez dio egonaldia luzatuko. Izan ere, kartzela zigor berriaren aplikazioa bertan behera geratuko da, kondenatuak ez duelako epaitu diren gertakariak baino lehen jazotako aurrekari penalik. Beste kondenaren arrazoi izan zen bortxaketa salaturiko sexu erasoen ondoren jazo zen. 

Akusazioaren abokatuak adierazi du Gasteizko Udalak «afera honetan ondo jokatu ez zuela» aitortu beharko lukeela. Izan ere, Aspasos elkarteak garai hartako Segurtasuneko zinegotzia salatu zuen, Iñaki Gurtubai, eta udaleko beste hiru kargudun ere bai. Gurtubairen kasuan, «prebarikazioa» egozten zioten, eta gainerako hirurek sexu erasoen berri izan zutela baina ezer egin ez zutela salatzen zuten. Epaileak, ordea, salaketa horiek guztiak artxibatu zituen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA