Lapurturiko Bakoren burua laster izango da jendaurrean ikusgai

Jon Buesak, EAJko goi karguak, 46 urtez atxiki zuen bere etxean estatua erromatarra. 2023an berreskuratu zuen Arabako Foru Aldundiak, eta aste honetan jaso du Bibat museoak kutxatik ateratzeko baimena. Abian dira jada pieza jendaurrean erakusteko lanak.

Bibat museoko teknikariak, Bakoren burua aztertzen, kutxatik atera berritan. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Bibat museoko teknikariak, Bakoren burua aztertzen, kutxatik atera berritan. ARABAKO FORU ALDUNDIA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko otsailaren 12a
15:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Laster izango dute arabarrek Bakoren buru entzutetsua zuzenean ikusteko aukera. Istorio aldrebesa izan du 1976an Arkaiako aztarnategian agertu zen buruak. Izan ere, aurkitu eta berehala, arrastorik utzi gabe desagertu zen, eta ez zen haren berririk izan hurrengo 46 urteetan, harik eta 2022an ezustean berriro agertu zen arte. Harekin batera, desagerpenaren arrazoia ere argitu zen: Jon Buesa EAJko goi kargu izandakoak —alderdi horren Arabako Batzar Nagusietako eleduna izatera iritsi zen— zeukan etxean pieza arkeologikoa. 1976an, Arabako Foru Aldundiaren obretarako ingeniaria zen Buesa, eta lanbide horren jardunean hartu zuen burua.

Pieza aldundiari itzultzera derrigortu zuen justiziak Buesa, baina geroztik epaitegietako prozesu administratiboan korapilaturik egon da Bakoren burua. Izan ere, Bibat museoko iturriek adierazi dutenez, pieza barruan zuen kutxak «hilabete asko» zeramatzan museoan, baina ez zuten hura irekitzeko beharrezkoa zen baimen judizialik jaso, «sarritan eskatuagatik» ere. Azkenik, aste honetan iritsi zaie epaitegiko agiria, eta asteartean ireki zuten kutxa. Estatua ahalik eta lasterren jendaurrean erakusteko asmoa dute Bibat museoan.

Zortzi zentimetroko zabalera eta hamabi zentimetro pasatxoko garaiera ditu piezak. Burua osorik gorde ez bada ere, Arabako ondarearen pieza bereziki garrantzitsua da II. mendeko eskultura zatia, lurraldean aurkitu den erromatarren garaiko piezarik esanguratsuenetako bat delako. Figura bizardun bat irudikatzen du, eta, identifikazioa ziurra ez bada ere, ezagun egin da Bakorekin, ardoaren jainko erromatarrarekin, lotzen duen teoria, hura ere sarri bizardun irudikatzen baitzuten. «Egoera kaxkarrean» heldu da pieza museora, urte askoan alde batetik bestera ibili ostean, eta aldundiko errestaurazio zerbitzuen esku geratu da orain, piezaren egoera baloratzeko. «Pare bat hilabete barru» jendaurrean erakusteko moduan egongo dela espero dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.