Lau gizon atxilotu zituen atzo Gasteizko Udaltzaingoak Arabako hiriburuan, indarkeria matxista leporatuta. Haietako bi bikotekideei kalean «mehatxu larriak» egiteagatik eraman zituzten atxilo udaltzainek. Zabalgana auzoko taberna batean atxilotu zuten bat, 53 urtekoa, bikotekidearen aurkako «heriotza mehatxu ugari» egiteagatik, udaltzainen arabera. 64 urteko beste gizon bat ere atxiki zuten poliziek Posta kalean. Lekukoen arabera, gizonak bikotekidea mehatxatu eta iraindu zuen, eta botila batekin jotzeko keinua ere egin zion.
Beste gizon bat ere atxilotu zuten, 53 urtekoa, bikotekide ohiari labana batekin mehatxu egiteagatik. Biktimaren arabera, gizona haren lantokira bertaratu zen, eta harremanari berriro ekiteko eskatu zion. Emakumeak ezetz esan zionean, gizona irainka eta mehatxuka hasi zitzaion, eta lantokiaren kanpoaldean itxaron zuen biktima handik atera zen arte. Orduan, emakumeari jarraitzen eta ganibet batekin mehatxu egiten hasi zitzaion. Ihes egiten saiatzen ari zela atzeman zuten ustezko erasotzailea udaltzainek.
Laugarren atxilotua, berriz, patinete elektriko batean espaloitik ibiltzeagatik gelditu zuten agenteek, baina, identifikatu eta gero, 33 urteko gizonak urruntze agindu bat zuela ikusi zuten udaltzainek. Babes neurri hori aplikatua zuen emakumea gizona gelditu zuten lekutik gertu bizi zen, aginduak ezarritako distantzia baino hurbilago, eta, beraz, urruntze agindua hausteagatik atxilotu zuten poliziek gizona.