Laudio BHI institutuaren parte den Laudio Goikoa eraikina ixteko asmoa adierazi zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak joan den hilean. Eraikinaren egoera txarragatik hartu zuten erabaki hori, zaharkitua baitago oso. Tokiko hezkuntza komunitateak neurriaren aurka egin zuen, ordea, eta berritze lanak eraikina zabalik zela egitea onartu. Alta, ELA sindikatuak eraikinean «segurtasun arazo larriak» dituela salatu du, amiantoa duelako, besteak beste.
Sindikatuaren arabera, Hezkuntza Sailak ez du zehaztu «zaharberritze lanak eta jarduera akademikoa nola uztartuko dituen», eta horrek «kezka handia» sortu du Laudio BHIko hizkuntza komunitatean. Arazo nabarmenen artean honako hauek aipatu dituzte: instalazio elektriko zaharkitua, uraren kalitate txarra, komun matxuratuak eta «segurtasun elementu batzuen narriadura».
Gainera, pabiloietako batean «amiantoa» ere detektatu ei dute. «Gabezia larri» horiek direla eta, «premiazko neurriak» eskatu dizkio ELAk Hezkuntza Sailari, baita arriskuen ebaluazio eta prebentzioari loturiko informazio guztia helaraztea ere. Iragarritako berritze jarduerak noiz hasiko diren eta zer epetan egingo diren jakin nahi du sindikatuak, langileen eta ikasleen segurtasuna bermatzen ote den ziurtatzeko.