Gasteizko Amizkarra kaleko 3. atariko etxe bateko dutxan egindako analisiek arduratzeko moduko emaitzak ekarri dituzte. Hain zuzen ere, maiatzaren 27an bertan hartutako laginak aztertu eta gero, Legionella pneumophila bakterioa aurkitu dute. Sukarra eta pneumonia eragiten ditu legionellaren bakterioak, eta oso kutsakor bilakatzen da ura hornitzeko sistemetan agertzen denean.
Oraingoan, Aranbizkarra auzoko hainbat eraikinetako bizilagunei eragiten die detektatu den fokuak. Ur beroaren instalazioetan sortu da bakterioaren fokua, eta ez dago argi zenbat etxeri eragiten dien; inguruko eraikinetako 200-300 etxe izan daitezkeela kalkulatzen da.
Oraingoz, ez da bakterio horrek eragindako infekzio kasurik izan, baina Gasteizko Udalak garbiketa eta desinfekzio lanak egiteko eskatu die atari horietako jabe erkidegoei, bakterioaren ugalketa eragozteko. Behin garbiketa egin eta gero berriz analisiak egiteko ere eskatu du udalak, hodietan bakterioaren arrastorik ez dagoela ziurtatzeko.Â
Legionellari legionarioen gaixotasuna ere baderitzo, bakterioa aurkitzeko modua eman zuen agerraldia Amerikako Legionarioek 1976an AEBetan egindako bilera batean izan baitzen. Eremu naturaletan —laku eta osinetan, alegia—, bakterioa ez da kutsakorra, baina ura hornitzeko sarean sartuz gero gizakiak infektatzeko gai bilakatzen da, tenperatura altuak eta kloroarekiko erresistentzia direla medio. Gaixotasunaren bertsio apalak sukar arina sortzen du, baina, infekzioa larria bada, pneumonia ere eragin lezake.
Â
Â