Mahastiek ezkutatzen dutena

Duela mila urteko mahastiak, Erdi Aroko jauregiak eta XV. mendean abandonaturiko herrixka oso baten aztarnak azaleratu dituzte soroen artean bakarturik ageri den Torrentejoko Andre Mariaren elizaren azpian, Arabako Errioxan.

Torrentejoko jauregi erako eraikin monumentalaren indusketak. JUAN ANTONIO QUIROSEK UTZIA
Torrentejoko jauregi erako eraikin monumentalaren indusketak. JUAN ANTONIO QUIROSEK UTZIA
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko apirilaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mahatsaren orpotik ei dator mama gozoa, kopla tradizionalari kasu eginez gero. Eta, mahatsak eta ardoak paisaia eta identitatea baldintzatutako lurraldeak hizpide hartuta, ezin ahaztu Arabako Errioxa. Izan ere, eskualdeari buruz pentsatzen hasita, bertako ardo eta mahastiak etorriko zaizkie burura askori. Duela mila urte, ordea, Arabako Errioxak ez zuen zerikusi handirik gaur egun lurraldea ezagun egin duten ezaugarriekin: artean ez zen mahastiz estaliriko lurra,  nagusiki ardoa ekoizten zuena. «Aitzitik, zekale soroak ziren nagusi, baso zabalek zutik zirauten, eta paisaiak oso ezberdinak ziren», azaldu du Juan Antonio Quiros arkeologo eta EHUko irakasleak.

Hain zuzen ere, paisaia horiek historian zehar nola eraldatu diren ikertu du Quirosek, beste hainbat ikerlarirekin batera, eta duela gutxi argitaratu dituzte eraldaketa hori ulertzeko funtsezkoa den lekuko bati buruzko ikerketen emaitzak. Torrentejoko Andre Mariaren elizako gune arkeologikoa ikertu du EHUko ikerlarien taldeak, eta aurkikuntza bereziki interesgarriak egin: gaur egun soroen artean bakarturik ageri den eliza horren azpian, duela mila urteko mahastiak, Erdi Aroko jauregiak eta XV. mendean abandonaturiko herrixka oso baten aztarnak azaleratu ditu indusketak. Arabako Errioxako historia ulertzeko «berebiziko parada» ematen du horrek, Quirosek dioenez.

Eliza bakartia

Bastidako (Araba) udalerrian dago Torrentejoko Andre Mariaren eliza. Bertakoek Santa Luzia deitzen diote, baina dokumentazioak erakusten du XVIII. mendera arte Torrentejoko Andre Maria izenez zela ezaguna. Eraikinak berehala harrapatu zituen arkeologoak: «Ez da ohikoa Erdi Aroko eliza bakartuak ikustea», nabarmendu du Quirosek. Izan ere, herrixka abandonatuen azken lorratzak izaten dira sarritan, eta, Andre Mariaren ermitaren kasuan, dokumentuek erakusten zuten Torrentejo izeneko herriak historia zabala izan zuela Erdi Aroan.

Santa Luciako ermita, garai bateko Torrentejoko Santa Maria, 2014an, indusketen hasieran. JUAN ANTONIO QUIROSEK UTZIA
Santa Luziako ermita, garai bateko Torrentejoko Andre Maria, 2014an, indusketak hasi zituztenean. JUAN ANTONIO QUIROSEK UTZIA

Hortaz, 2015etik 2017ra indusketa kanpainak abiatu zituen EHUko ikerketa taldeak Torrentejon. 2018tik 2024ra, berriz, ikerketa espezializatuak egiten aritu dira, indusketen emaitzak behar bezala analizatzeko. Emaitza oparoak izan dira, zalantzarik gabe, Eneolitotik hasi eta XVIII. mendera arteko aztarnak aurkitu baitituzte. Izan ere, lurpean hiru metrora, duela 5.000 urteko silexak eta zeramika zatiak aurkitu dituzte. Erromatarren garaiko aztarna nabaririk ez da ageri, ordea.

Aitzitik, Erdi Aroan izan zuen loraldia Torrentejoko herriak. VII. mendean sortu zen Erdi Aroko herrixka hori, nekazaritzarako terraza egiturak sortzearekin batera. Denborarekin, jaun feudalak herriaren gaineko kontrola hartuz joan ziren, «Iruñeko Erresumako errege-erreginen laguntzarekin», eta, XI-XII. mendeetarako, Donemiliaga Kukulako monasterioa jabetu zen hartaz. Monasterioaren mende geratzeak aldaketa nabarmenak ekarri zituen herriaren eta Arabako Errioxaren paisaian.

Paisaiaren arkeologia

Hain zuzen ere, «paisaiaren arkeologia» edo «paisaiaren biografia» deritzon ikuspegi arkeologikoan oinarrituta ikertu dute Torrentejoko gune arkeologikoa. Izan ere, paisaia naturala eta aldaezina dela pentsa badaiteke ere, «gizakiaren eta ingurunearen arteko harremanek sortzen dute»; hala azaldu du Josu Narbarte ikerlariak. Quirosek zehaztu du arkeologia klasikoak «aztarnategi jakinak» hartzen zituela kontuan. «Eta guk lurraldea etengabeko aztarnategi handi gisa ulertzen dugu».

«Paisaia ez da naturala edo aldaezina, gizakiaren eta ingurunearen arteko harremanek sortzen dute»

JOSU NARBARTE Arkeologoa

Hortaz, ikerlariek argitu nahi izan dute Torrentejoko garai bateko biztanleek zer-nolako paisaia sortu zuten. «Galderetako bat zen ea gaur egun hain ezaguna den mahasti paisaia hori jada existitzen zen», oroitu du Narbartek. Galdera horri erantzuteko, Castrejon izeneko muinoan jarri zuten arreta. Torrentejo ondoko muino hori «terraza zaharrez erabat estalita» ageri zen, eta ikerlariek jakin nahi zuten ea horietako batzuk Erdi Arokoak ote ziren, eta ea haietan ere mahastiak landatzen zituzten.

Erantzuna baiezkoa suertatu zen, ñabardurekin bada ere. «VII. mendeko mahasti-soroak agertu dira», nabarmendu du Narbartek. Mahatsaren landaketak baditu, beraz, mila urtetik gora Arabako Errioxan, eta Torrentejoko herrian garrantzia izan bide zuen. «Batez ere, Donemiliaga Kukulako monasterioak bultzatu baitzituen mahatsaren landaketa eta ardoaren ekoizpena». Hala ere, duela mila urte Torrentejon eta Arabako Errioxan ageri ziren paisaiak ez ziren gaur egungoen parekoak izango: zerealen landaketarako eta abereak bazkatzeko erabiliko zituzten lursailak ere aurkitu dituzte ikerlariek, eta baso edo sastrakadi zabalak ere izango ziren. Ezer ez baita betirako, paisaia ere ez, eta horixe bera erakutsi du ikerketak, Torrentejoko herria ere ez baitzen betirako izan: Erdi Aroan toki garrantzitsua zena desagertu egin zen pare bat menderen buruan.

Jauregiak eta elizak

Torrentejoko herriak Erdi Aroan izan zituen bi eraikin monumental dira indusketen aurkikuntza garrantzitsuenetako beste bi. Izan ere, ikerlariek «jauregi» handi baten parte baten aztarnak aurkitu dituzte. «Etxebizitza handi bat da, eraikuntza teknika aski sofistikatuekin egina», deskribatu du Quirosek. «Baina ez da jauregi bat zentzu modernoan». Irakasleak azaldu duenez, garaiko dokumentazioan jauregi edo palatium hitzak «nekazaritza kudeaketarako eraikin bati» egiten dio erreferentzia. Nobleenak edo errege-erreginak izan ohi ziren halako eraikinak, herriaren erdian egoten ziren, eta funtzio ugari izan zitzaketen: eliteak bertan bizitzeko balio zuten, bai, baina baita nekazariei kobraturiko errentak biltegiratzeko eta tokiko boterea antolatzeko ere.

Torrentejok horrelako jauregi bat izateak, dena dela, argi uzten du herria garrantzitsua zela. Horren erakusgarri da jauregiaren ondoan aurkitu duten eliza pribatua ere. Erdi Aroan, Elizak, instituzioak alegia, ez zituen eliza guztiak kontrolatzen, horrelako eraikin asko askazi nobleen esku baitzeuden, haien boterearen erakusgarri. Horrelako bat zuen Torrentejok, tokiko «handi-mandien» ahalaren sinbolo. XII. mendean, eliza pribatu hori desegin eta «beste eliza bat eraiki zuen Donemiliaga Kukulako monasterioak, eta hortik kontrolatzen zuten herria», kontatu du Quirosek. Noble eta elizgizonen jabego garrantzitsua izan zen, hortaz, Torrentejo, baina XV. menderako abandonaturik zegoen.

Zergatik? «Erantzuteko zaila da galdera hori», aitortu du Narbartek. Herriak bertan behera uztea «elkarrekin loturiko kausa ugariren ondorio» izaten zela zehaztu du Quirosek. Erdi Aro amaierako krisiaz, izurri beltzaz eta halako zergati katastrofikoez landa, ordea, Gaztelako Erresumaren politika ere aipatu dute bi ikerlariek Arabako Errioxako herriak abandonatzeko kausa gisa. «Gaztelako errege-erreginek hiribilduak sortzeko politika izan zuten, beren boterea sendotzeko», azaldu du Quirosek. Halako hainbat izan ziren Arabako Errioxan edo handik gertu, tartean Bastida, Guardia eta San Vicente de la Sonsierra.

Hiribildu horietako biztanleek abantaila fiskal eta ekonomiko handiak zituzten. «Hortaz, litekeena da Torrentejoko biztanle askok erabaki izana Bastidara bizitzera joatea». Zergatiak zergati, XVI. menderako eliza soilik geratzen zen, Bastidako hiribilduaren esku. Aro Modernoan, ermitau bat bizi zen bertan, «Bastidako kontzejuak ermita mantentzeko izendatutakoa». Ermitau horiek eliza barruan ere bizi izan ziren, eta Bastidako kontzejuak haien aurka jarritako kexa ugariren berri aurkitu dute ikerlariek dokumentuetan: «Hainbat leiho ireki zituzten elizan, eta tximinia bat ere jarri zuten, berotzeko». XVIII. mendetik aurrera, ordea, Torrentejo erabat abandonaturik geratu zen, ermitaurik gabe.

«Ondare arkeologiko eta historikoa mahatsaren kulturarekin integratzeak ikaragarri aberastuko lituzke bi sektoreak»

JUAN ANTONIO QUIROS EHUko ikerlaria

Abandonuak, ordea, ez die betiko bakea eman Torrentejo eta haren moduko gune arkeologikoei. Izan ere, gaur egun nekazaritzarako erabiltzen diren makina astunek eta lursail berrien etengabeko landatzeek arriskuan jarri dute Arabako Errioxako ondarea. Torrentejon bertan, ingurua partez soilik ikertu ahal izan dute, nekazaritza lurren zabalkundeak aztarnategiaren zati bat suntsitu baitu. Alta, Quirosen hitzetan, nahiz eta sarritan kontrajarriak balira bezala aurkezten diren, nekazarien interes ekonomikoa eta ikerlarien interes arkeologikoa itxuran soilik dira kontrajarriak. «Ondare arkeologiko eta historikoa mahatsaren kulturarekin integratzeak ikaragarri aberastuko lituzke bi sektoreak».

Hain zuzen ere, ikerketaren ondorio nabarmen gisa, Quirosek aipatu du «Arabako Errioxako mahasti terrazak uste baino askoz zaharragoak» direla, eta beharrezkoa dela horiek ikertzen jarraitzea. Baina beste esparru batzuetan ere jarraitu nahi dute ikertzen: Torrentejo bezalako herrixka abandonatuz beteta dago Arabako Errioxako paisaia guztia. «Eta horiei buruz oso gutxi dakigu oraindik». Herri horiek paisaiaren arkeologiaren ikuspuntutik ikertuta, «lurraldearen eta jendearen historia oso bat» lortzeko anbizioa dute ikerlariek. Horri bide emateko lan eskerga beharko bada ere, esperantza pizteko moduko aurrerapausoa eman dute egindako ikerketaren bitartez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA