«Berezko nortasuna duen etxe edo bizilekuen multzoa, maiz landa eremukoa». Horrela definitzen du Euskaltzaindiak herri hitza, eta definizio hori aukeratu dute Herriak, mila urte lurraldean erakusketako antolatzaileek, museoko aretoko horman jarri eta haren bidez bisitariei ongietorria egiteko. Izan ere, kontrakoa pentsa bazitekeen ere, museoko arduradun Jaione Agirrek nabarmendu du oso gutxi aldatu dela herrixkaren kontzeptua azken mila urteetan. Askotan, VIII. eta X. mendeen artean sortu ziren herri horiek gaur egungoen oso antzekoak dira, eta azpimarratu du garai hartako biztanleen bizimodua «gure aitona-amonen» bizimodu berbera zela.
Jarraitutasuna eta iraganaren eta orainaren arteko zubiak dira, hain zuzen ere, erakusketaren ardatzak. Bitrinetan, aretoan zehar sakabanatuta, duela mila urteko arabarrek eguneroko zereginetarako erabiliko zituzten tresnak ikus daitezke: laiak, golde nabarrak, aizkorak, igitaiak... Hormetako paneletan, berriz, bitrinetako tresnekin argi eta garbi lotuta, duela mende eskaseko arabarrak ageri dira artxiboko argazkietan, tresna horiek erabiltzen. Erakusketan ageri den konparazioak Agirreren hitzak gorpuzten ditu: 925eko eta 1925eko arabarrak ez ziren hain ezberdinak. Lotura sinple horrekin, bisitariak ere imajina ditzake X. mendeko arabarrak, tresnak eskuan, gaur egungo lur berak lantzen.
Uste baino antzekoagoak
«Iragana atzerriko lurralde bat da» esaldiarekin abiatzen da L.P. Hartley idazlearen The Go-Between eleberria. Aski zabaldua den iritzia da hori, baina erakusketak kontrakoa frogatzen du: arbasoak uste baino hurbilagokoak direla, eta ez urruneko izaki ulertezinak. Agirrek dioenez, herrixka haietako bizimoduak «berdintsu» eutsi zion XX. mendera arte. Areago, iradoki du litekeena dela garai bateko arabarrek gaur egungoenak bezalako kezka eta bizipenak izatea: «Guk ez dakigu gure etorkizuna zer izango den, eta haiek ere ziurgabetasun berberean biziko ziren, uzten eta eguraldiaren pentzudan».
Edonola ere, iraganarekin zubiak eraikitzea ez ezik, estereotipoak apurtzea eta iraganeko herri xehearen bizimodua ahalik eta modu leialenean islatzea ere bada erakusketaren helburua. Agirreren hitzetan, dokumentuak «ez dira neutroak», eta sarritan «boteredunen interesen mendean» daude. Hori dela eta, arkeologia biziki garrantzitsua da Erdi Aroko arabarren bizimoduaren berri jakiteko orduan, eta, hortaz, Arabako, Nafarroako eta euskal kostaldeko indusketetatik lortutako materialek protagonismo berezia dute erakusketan. Haien bitartez, jakin daiteke nolakoa zen historia idatziak albo batera utzitako horien bizimodua.

Komunitatearen eta herri lurren garrantzia
Eta aztarna material horiek erakusten dute kontakizun tradizionalek iradokitzen duten baino bizimodu askeagoa zutela garai hartako nekazariek. Ez ziren jauntxoen mendeko jopu soilak, Erdi Aroari buruz sarritan izaten den irudiak hori iradoki badezake ere. Ezberdintasun sozialak bazeuden, baina «komunitate kontzientzia handia zuten herrixka horietako biztanleek». Paneletako marrazkiek ideia hori azpimarratzen dute: garai bateko etxeen eta herrixken irudikapenak ikus daitezke; bata bestearengandik hurbil biltzen ziren harrizko eta lurrezko etxe soilak ageri dira, elkarri sendo loturik bizi ziren komunitate estuen erakusgarri.
Herri horietan auzolanak eta jabetza partekatuak zuten garrantzia ere azpimarratzen da erakusketan. «Mendia eta herri lurrak oso garrantzitsuak ziren», Agirreren esanetan, eta, sarri, nekazariek lur horietatik ateratzen zuten bizitzeko behar zutena. Erakusketaren erdian dagoen elementuak ongi adierazten du herri lurrek zenbateko garrantzia zuten, baita erakusketaren helburu nagusietako bat zein den ere: historiako jende soilari arreta jartzea. Itxuraz, errotarri bat baino ez da, baina X. mendeko harri higatu horrek bizimodu oso bat laburbiltzen du: errotak komunalak ziren garai hartan, eta herritar guztiek erabiltzen zituzten. Harri horrek ehoko zituen nekazarien zekaleak, eta irina egin.
Antzinako garaietara joateko halako leihoz beteta dago erakusketa: jokorako dadoek, josteko hariek eta etxeetako giltzek gogora ekartzen dituzte eguneroko bizitzako eszenak. Duela mila urteko arabarren bizimodua ezagutu nahi duenarentzat, Herriak, mila urte lurraldean erakusketa ekainaren 23ra arte izango da ikusgai, Bibat museoan.