Kalean dauden pertsonentzako neguko harreragune berria irekiko dute Gasteizen

Harreraguneak 24 leku izango ditu, gaur egun dauden 40 lekuetara gehituta. Aurtengo neguan irekiko dute, baina tokia eraberrituko dute 2026aren amaieratik aurrera harrera egonkorreko gunea izan dadin.

Kalean bizi zirenentzat itxialdiaren garaian atondutako behin-behineko aterpea, Gasteizko Lakua pilotalekuan. Artxiboa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Kalean bizi zirenentzat itxialdiaren garaian atondutako behin-behineko aterpea, Gasteizko Lakua pilotalekuan. Artxibokoa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
unai etxenausia
2025eko azaroaren 17a
15:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Udalak neguko harreraguneetan sakontzeko beste urrats baten berri eman du: kalean bizi diren pertsonentzat behin-behineko baliabide bat jarriko du martxan, Zaramagako Santa Isabel haur eskola izandakoan. Zerbitzua aurtengo neguan aktibatuko da, eta, ondoren, eremua eraberrituko dute 2026aren amaieratik aurrera harrera egonkorreko gunea izan dadin. Harreraguneak 24 leku eskainiko ditu, gaur egun dauden 40 lekuetara gehituta. Zerbitzua ateak irekitzeko egunak izeneko irizpidearen arabera aktibatuko dute: tenperatura oso baxuak daudenean, elurra egiten duenean edo bestelako eguraldi txarra dagoenean.

Lucho Royero Gizarte Politiketako zinegotziak azaldu duenez, hainbat kokapen aztertu ondoren erabaki dute leku berbera erabiltzea neguan laguntza eskaintzeko. Haur eskolako obren lizitazio prozesuarekin batera, behin-behineko baliabide hori jarriko dute martxan, «premia larrienei erantzun azkarra» emateko. Royerok adierazi du lanean ari direla negu honetarako leku guztiak —64 denera— irekita egon daitezen: «Diskrezioz, beste baliabide batzuk bilatzen ari gara, harrera aukera gehiago eskaini eta jende ahulenari arreta duinagoa emateko».

Udalaren helburua da, beraz, neguan beharrik larrienak arintzea eta, epe ertainean, Zaramagako gunea harrera «zerbitzu egonkorra izatea, eta egokitzea, baldintza hobeak izan ditzan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.