Ospeak sarri errealitateak baino bizialdi luzeagoa du, eta horixe gertatu zaio Arabako patatari ere. Arabarrek aspalditik patatero goitizena jasotzen badute ere, gaur egun eroslea Euskal Herriko supermerkatu batean sartuko balitz, eta mirakuluz hitz egiteko gaitasuna jaso duten bertako patatekin mintzatuko balitz, askoz errazago entzungo luke «bonjour», «kaixo» baino. Izan ere, Arabako patataren ekoizpena, gainbehera argian, ez da nahikoa tokiko kontsumoari erantzuteko ere, eta Frantziatik ekarritako patatek betetzen dituzte apalak —Espainian, kontsumitzen diren pataten %75 Frantziatik inportatzen dira—.
Egoera arduratzeko modukoa da, eta ardura horixe nabari zen, baina baita esperantza ere, gaur goizean Neikerren Arkautiko egoitzan (Araba) patataren plan sektorialaren aurkezpena entzuteko batu diren nekazarien aurpegietan. Nekazari horiexen soroetara joanda ere, errealitatea antzekoa da: nederlanderazko «goedemorgen» gailenduko litzateke «egun on» agurraren gainetik balizko patata hiztunen artean, ereiteko patataren %67 Herbehereetatik inportatzen baitira.
Errealitate horri buelta eman nahi dio Eusko Jaurlaritzak, eta Arabako patataren ekoizpena emendatzeko eta nekazarien artean zabaltzeko plan bat landu du. 27 neurri eta bederatzi milioi euroko inbertsioa aurreikusten ditu, eta asmo handiko helburuekin dator: besteak beste, Arabako patataren ekoizpena %50 handitzea eta landatutako lurren azalera bikoiztea ditu xede.Â
Tuberkuluaren dekadentzia
Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak eta Oneka Zaballa Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariak azaldu dutenez, 1985. urtearen bueltan goia jo zuenetik, etengabeko beherakadan egon da Arabako patataren ekoizpena. Urte hartan 5.000 hektarea patata landatzen ziren lurraldean; gaur egun, berriz, 1.100 hektarea soilik geratzen dira.
Horietatik 669 hektarea kontsumorako dira, hots, dendetan saltzeko, eta beste 475 hektareak ereiteko dira, hurrengo denboraldiko landaketarako, alegia. Bi patata mota horien ekoizpenak ez du tokiko merkatua asetzen, eta inportazioekin bete behar da hutsune hori.Â
Patataren gainbehera horren atzean hainbat arrazoi daude. Zaballaren hitzetan, 1987an Espainia Europako Ekonomia Erkidegoan (EEE) sartu izanak kalte handia egin zion sektoreari, «atzerriko merkaturatzaile lehiakorragoak» sartu baitziren Hego Euskal Herriko merkatuetan. Horren ondorioz, Arabako lehen sektoreko ekoizleak beste labore batzuk lantzen hasi ziren, patataren errentagarritasuna gutxitu baitzen.
Gaur egun, nekazariei 28 zentimo ordaintzen diete patata kilo bakoitzaren truke, eta prezio hori «gorabehera handien mende» dago. Ezegonkortasun hori dela eta, egun patataren ekoizpena Arabako nekazaritzaren %3,4 soilik da. Patata lurra izatearen ospeak, beraz, errealitate gordina du aurrez aurre, joera gelditzeko zerbait egiten ez bada.
Plan sektorialaÂ
Horixe bera da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren asmoa. Barredo sailburuaren hitzetan, «merkatu nitxoko laborea» da patata, «aukera handiak» eskaintzen dituen produktua, baldin eta Arabako nekazaritza merkatuaren eskaerei erantzuteko moduan kokatzen bada. Horretarako, ordea, lehiakortasuna eta errentagarritasuna bultzatu behar direla azpimarratu du, eta, ildo horretan, azaldu du Jaurlaritzak «patataren balioa azpimarratu» nahi duela, eta «horren alde argi egin». Horretarako, bost urteko plan sektorial bat jarri dute martxan, 2030erako mila hektarea patata gehiago lortzeko asmoarekin.Â
Zaballak xehetu ditu planaren ardatzak: ezagutza, inbertsioa eta sektorearen aktibazioa. Helburuak ere hiru alderdi ditu: landatutako eremua handitzea —ereiteko patatena 475etik 712 hektareara, eta kontsumorako patatena, 669tik milara—, kalitatea eta errendimendua handitzea, eta ekoizpen katea merkatuaren beharretara egokitzea.
Planaren helburuak beteko balira, urtean kontsumorako 32.000 tona ekoitzi beharrean 47.761 tona patata ekoitziko lirateke Arabako lehen sektorean —ia %50eko emendatzea—.
Ekoizpena ez ezik, Arabako patataren kontsumoa handitzeko asmoa ere badu Jaurlaritzaren planak. Horretarako, Arabako patata izena lukeen jatorri izen bat sortu nahi dute, 2028. urterako. Horren bidez, produktuari ikusgarritasuna eman nahi diote.

Gazteak lehen sektorera eta patataren landaketara erakartzea ere bada beste helburu nabarmen bat, hogei gazte inguru sektorean sartzea baitu xede planak. Horretarako milioi bat euroko dirulaguntzak aurreikusten ditu.
Asmo handiko plana da, eta ikusteko dago ezarritako helburuak beteko diren, baina baliteke, dekadentzia luzearen ostean, patata Araba berriz konkistatzeko bidean egotea.Â