Pessoa XXI. mendeko Euskal Herrira ekarriko duen antzezlana

Edu Zelaietak 'Alea' aldizkarirako idatzitako 'Harrimena lantzeko ariketak' artikulu sorta oholtzara eramango dute ostegunean Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian. Harriduraz gogoeta egin nahi du antzezlanak, bi munduren arteko bidaia bat eginez.

Josune Velez de Mendizabal, Adur Ballarin eta Eihara Irazusta aurreko asteko entseguetako batean, Garaionen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Josune Velez de Mendizabal, Adur Ballarin eta Eihara Irazusta, aurreko asteko entseguetako batean, Garaionen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
Ozeta
2025eko azaroaren 4a
04:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zertaz harritzen gara? Zertaz ez hainbeste? Galdu ote dugu harritzeko ahalmena? Edu Zelaieta idazleak galdera horiei tiraka erabaki zuen duela bi urte inguru Harrimena lantzeko ariketak «abentura literarioa» abiatzea Alea aldizkarian, Fernando Pessoa idazlea XXI. mendeko Euskal Herrira ekarrita; 36 pieza argiratu zituen, testua eta irudiak tartekatuz. «Esperimentu kasik fantastiko» hark oholtzarako bidaia egin du orain, eta pertsonaia eta «unibertso» berri batzuekin antzezlan bilakatu da. Ostegunean estreinatuko dute obra, Gasteizko Jesus Ibañez de Matauko antzokian, Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian.

Kepa Errasti eta Josune Velez de Mendizabal dira zuzendari artistikoak, eta Velez de Mendizabal bera, Eihara Irazusta eta Adur Ballarin aktore nagusiak. Beñat Gorroño arduratu da argiztapen diseinuaz, eta Beatriz Rodriguez Morgado ekoizpen lanaz. Hiru pertsona igoko dira agertokira, eta bi munduren arteko «bidaia» bati ekingo diote, harridurak sortuz; «edo agian ez, auskalo», adierazi du Velez de Mendizabalek. «Galduta daude pertsonaiak, zerbaiten bila doaz, eta bidaia bat egingo dute. Harridura oso bat-batekoa da, eta norberak modu ezberdinean senti dezake, soziala eta politikoa baita harritzea».

Antzerki jolasa bidaide hartuta, Pessoaren lanetan inspiratutako testu poetikoak oholtzara eramatea egokituko zaie protagonistei. Bata dantzan; beste bat, lurrari itsatsita; eta hirugarrena, xehetasunek liluratuta bizi da. Haiei esker, mundua berriro ezagutzeko parada emango du lanak. Publikoa nola harritu? Galdera horrekin jolastuko dira oholtza gainean.

«Harridura oso bat-batekoa da, eta norberak modu ezberdinean senti dezake, soziala eta politikoa baita harritzea»

JOSUNE VELEZ DE MENDIZABALAktorea

Estreinaldiaren aurreko entseguak egiten ibili da lantaldea Ozetako Garaion gunean (Araba). Velez de Mendizabal bera dago oholtza gainean aktore, Irazusta eta Ballarinekin batera, eta Errorerak izeneko artikuluan oinarritutako eszena prestatzen ari dira. Arropa zabaltzeko soka batzuetan pintzekin eutsita dauden orrietako bat hartu, eta gurutzegrama bat ei dena irakurri du batek. «Batzuek diote akatsik gabeko bizitza faltsua dela», bota du. «Horregatik, ederra iruditzen zait hutsaren gainean edo azpian sinatzea. Nik nahiago dut horrelako gurutzegrama pertsonal bat, perfekzioz beteriko anonimo bat baino», erantzun dio beste batek. Serio eta irmo erantzun dio lehenak, berriz: «Nik momentuz segituko dut sinatu beharreko kontu batzuekin sufritzen: bete gabe dauden giza eskubideak edo bake akordioak. Norberak bere bizitzan huts egitea? Bada, bai, jakina. Errare humanum est. Baina ez dezagun dena justifikatu esanez artea dela edo adierazpen askatasuna».

Harrimena lantzeko ariketak
Harrimena lantzeko ariketak antzezlanaren entsegu bat, joan den astean, Garaionen. ENDIKA PORTILLO/ FOKU

Hiru protagonisten arteko elkarrizketek, interakzioek eta mugimenduek eramango dute publikoa eszena batetik bestera, fadoen musika doinuez lagundurik, bi unibertsoren arteko alegiazko zubi bat eraikiko balute bezala. Harritzeko ahalmenaz gogoeta egin eta harekin jolasteko dei bat da obra.

Paperetik oholtzara

«Badakit oinarrizko harrimena izaten», idatzi zuen Pessoak bere poemetako batean. Harrimena, bizitzako gauza gehien-gehienak bezalaxe, landu egin daitekeela sinetsita zegoen idazlea. Pessoaren burutazioak oinarri, Alea aldizkarian idatzitako testuak oholtzara eramateko modua ikusi zuen Zelaietak duela hilabete batzuk, eta Velez de Mendizabalekin batera antzezlanerako lehenbiziko pausoak ematen hasi zen orduan. Biak elkarrekin. Sei artikulu aukeratu eta antzerkirako idazlana ondu zuen Zelaietak, eta gerora Errastik egindako ekarpenekin osatu. «Prozesua oso emankorra izan da, baina baita exijentea ere, batez ere paperekoa antzerkiaren hizkuntzara moldatzea», aitortu du Zelaietak.

«Testuak oso irekiak eta anbiguoak ziren, eta bide ezberdin asko probatzeko aukera eman digu, modu askean»

KEPA ERRASTIZuzendaria

Antzerki konpainia baten babesik gabe martxan jarri dute proiektua, talde berri batek izan ohi dituen zailtasunekin. Zirrara kolektiboa sortu dute proiektua egiteko. Velez de Mendizabal: «Ez genuen elkar ezagutzen, baina kolektiboki lan egitea oso lagungarria izan da». Zelaietak azpimarratu du «metodologia kolaboratiboa» nagusitu dela, eta lantalde osoa inplikatu.

Lantaldeko kide guztientzat erronka handia izan da proiektua taularatzea. Antzerkigintzan urte asko daramatza Errastik, baina oso gutxitan aritu da zuzendari lanetan, eta, kontatu duenez, «errespetu handiz» heldu zion erronkari. Ohituta zegoen formatuetatik oso urrun zegoen proiektua, baina «askatasunez» aritzeko aukera izan du, eta oso gustura aritu da: «Testuak oso irekiak eta anbiguoak ziren, eta bide ezberdin asko probatzeko aukera eman digu, modu askean». Umorez kontatutako pasadizoak txertatu dituzte obran — «umore surrealista da»—, eta oso ongi pasatu duela aitortu du Errastik.

«Eszena batzuk txoroak izan daitezke, baina gure egunerokoa askotan askoz txoroagoa izaten da, eta harrigarriagoa»

EDU ZELAIETAIdazlea

Haren esanetan, Zelaietaren paperezko testuen «kutsu surrealistak» modua eman die oholtzan esperimentatzeko. Eta, horrela, bi mundu paralelo sortu dituzte: «Zelaietak proposatutakoa eta guk sortutako beste mundu bat, aurrekoari kontrapisua egiten diona, surrealistagoa». Bi mundu horien artean sartu-irtenak egiten ibiliko dira hiru aktoreak une oro. Irazustak kontatu duenez, horixe bera izan da lan nekezena: «Bi munduak desberdintzea eta gorpuztea erronka handia izan da, baina polita aldi berean».

Esperientzia berria izaten ari da Ballarinentzat ere, dantza garaikidetik datorrelako eta inoiz ez duelako halako proiektu batean lan egin. Baina dantzaria da haren pertsonaia ere, eta, dioenez, «antzerkiaren eta dantzaren arteko oreka» lortu du taula gainean. 

Harriduraren zirrara sumatzeko gonbita egingo dio lantaldeak publikoari. Zelaietak aurreratu duenez, Pessoari keinu ugari egingo dizkiote, eta «hari eta harri asko» ikusiko dira taula gainean. «Eszena batzuk txoroak izan daitezke, baina gure egunerokoa askotan askoz txoroagoa izaten da, eta harrigarriagoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.