Gasteizko San Migel elizako dorreko erloju historikoa zaharberritzen hasi dira aste honetan. Hiriaren ikurretako bat den ordularia geldirik egongo da hurrengo hiru hilabeteetan, piezak desmuntatu eta tailerrean berritzeko asmoz.
Relojeria Miriam Hermanos Suescun enpresak egingo ditu lanak, Gasteizko Udalak onartutako 30.250 euroko aurrekontuaren barruan. Jon Armentia Ogasun zinegotziak azaldu duenez, «erlojuak higadura handia du, eta narriadura itzulezina izateko arriskua dago». Horregatik hartu dute esku hartzeko erabakia: «Kultura ondare enblematikoa da, eta haren kontserbazioa lehentasunezkoa da».

Zaharberritze lanetan engranaje berriak jarriko dituzte, XIX. mendeko zizelkatze teknikak erabiliz. Halaber, duela gutxi aurkitutako pieza originalak baliatuko dituzte, eta jatorrizko dekorazioa berreskuratzeko asmoa dago.
Historia luzea
1857an egin zuen erlojua Tomas de Miguelek, Madrilen zuen tailerrean. Orduko deskribapenen arabera, «sendoa eta eraikuntza onekoa» zen: brontzezko gurpilak, altzairuzko piñoiak eta kristalezko esfera zituen.
2000. urtean konpondu zuten azkenekoz erlojua. Harrezkero, mantentze lanak egiten dituen enpresak izan du makinaren ardura. Oraingo berritzearekin, udalaren helburua da «hiriaren ikur horren balio historikoa eta estetikoa bermatzea, etorkizuneko belaunaldiek ere gozatu ahal izan dezaten».