Seiak bat: kooperatibismoa eta elkarlana Araban

Kooperatibismoa bultzatzeko eta gaur egungo egoera ekonomiko konplexuari aurre egiteko, Batera elkartea sortu dute Arabako sei kooperatibak. Lanean dihardute lurraldean eredu kooperatiboa indartzeko.

Sei kooperatibetako ordezkariak, Batera aurkezteko ekitaldian. BATERA
Sei kooperatibetako ordezkariak, Batera aurkezteko ekitaldian. BATERA
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Araban kooperatibismoa existitzen ez dela uste duenari, komeni da Lazarragaren bertso haiek gogoraraztea: «Ez dakizunok, jakin egizu/ ze zagoz engainadurik». Izan ere, kooperatibismoak sustrai sendoak ditu Araban, Udapa kooperatibak ekoizten dituen patatenak bezain sendoak, behintzat. Mugimendua lurraldean indarra hartzen hari den seinale, kooperatiba horrek, beste bostekin batera, Arabako Kooperatibak Elkarlanean elkartea sortu zuen 2025eko udan, Batera izenekoa, hain zuzen ere. Udapa, RPK, Aurrenak, Goros, I+Med eta Loramendi enpresek osatzen dute Batera, eta lurraldean kooperatibismoa sendotzea eta zabaltzea dute asmo.

Lehen helburua, ordea, Lazarragaren aginduari jarraituz, ez dakitenei jakinaraztea da. Jakineza Arabako kooperatibek egunerokoan nozitzen duten gaitza baita, RPKko Josu Fontaneda Oribek deitoratu duenez: «Beste lurraldeetan, Gipuzkoan bereziki, mugimendu kooperatiboa oso ezaguna da. Araban, ordea, jendartean ez da hain ezaguna». Are gehiago, Fontanedaren ustez, sarri kooperatibek berek ere ez dute elkarren berri, eta arazo horri aurre egiteko sortu dute Batera. 

«Arabako herri txikietan ere betidanik izan dugu elkarlanean jarduteko ohitura. Gure mendi gehienak komunalak dira, eta gaur egun oraindik herriak txukuntzeko auzolanak antolatzen ditugu»

KOLDO LOPEZ DE ROBLES Udapa

Izan ere, ospe falta ez dator errealitatearekin bat. Udapako Koldo Lopez de Roblesek argi dauka: kooperatibismoa indartsua da Araban, «haien sektoreetan lider» diren enpresa asko baitaude lurraldean. Beste lurraldeetako mugimendu kooperatibistari, Gipuzkoakoari batez ere, «miresgarri» deritzo Lopez de Roblesek, baina aldarrikatu du Araban ere tradizio luzea dutela auzolanak eta ideia kooperatiboek: «Arabako herri txikietan ere betidanik izan dugu elkarlanean jarduteko ohitura. Gure mendi gehienak komunalak dira, eta gaur egun oraindik herriak txukuntzeko auzolanak antolatzen ditugu».

Tradizio luze horri jarraipena emateko modu egokia kooperatibismoa dela iritzita, beraz, Arabako kooperatiben «erreferente bihurtzeko» eta «kooperatibismoari balioa emateko» sortu dute Batera. Fontanedak eta Lopez de Roblesek azpimarratu dute elkarte hori ez dela «kanpo erakundeen bultzadaren emaitza», kooperatibek eurek sustaturiko ahalegina baizik.

datuak

 
6

 

Zenbat enpresa batu diren. Arabako dozena erdi kooperatiba bildu ditu elkarteak: Aurrenak, Goros, i+Med, Loramendi, RPK Group eta Udapa. 

1.500

 

Zenbat langile dituzten. Batera taldeko sei enpresen artean 1.500 langile biltzen dituzte.

Sei kooperatibek, ordea, hasieratik Konfekoopen eta Laboral Kutxaren «laguntza proaktiboa» izan dutela ere nabarmendu dute. Guztien artean, kooperatiben arteko elkarlana sendotzeko eta kooperatibismoak gizartean izan ditzakeen onurak zabaltzeko asmoz dihardute lanean elkartea sortu zenetik. 

    Ezberdinen arteko elkarlana

    Enpresa mota ezberdinek osatzen dute Batera. Udaparen moduko nekazaritza kooperatiba batek edo RPKren gisako industriaren sektoreko batek oso produktu ezberdinak ekoitzi eta merkaturatzen dituzte. Hala ere, Fontaneda eta Lopez de Roblesen arabera, egoera eta arazo «oso antzekoak» dituzte egunerokoan.

    «Kooperatiba batek lehiakorra izan behar du, baina, errentagarritasun hori lortzeko, edozerk ez du balio»

    JOSU FONTANEDA ORIBE RPK

    Balioak dira, Fontanedaren ustez, haien puntu komun nagusia: «Kooperatiba batek lehiakorra izan behar du, baina, errentagarritasun hori lortzeko, edozerk ez du balio». Enpresa egiteko «ikuspuntu horizontal eta inklusibo» horrek senidetzen ditu Batera osatzen duten sei kooperatibak, eta eredu hori «erakargarriago» bihurtu nahi dute sorturiko elkartearekin, Araban bertan eta Euskal Herrian.

    Izan ere, Baterako kideek oso argi daukate: kooperatibismoan oinarrituriko eredu ekonomiko bat posible da Araban. Ez soilik posible, baita «beharrezko» ere, Lopez de Roblesen arabera. «Aiaraldean, esaterako, krisi industriala leunduko luke bertako sarean kooperatiba gehiago egoteak», argudiatu du Udapakoak, eskualde hori pairatzen ari den fabriken itxialdi olatua gogoan.

    Enpresa tradizionalen aldean, kooperatibek «elkarlan handiagoa» eskaintzen dute, baita «lurraldetasun, berrikuntza ahalmen eta eskuzabaltasun» handiagoa ere. Ezaugarri horiek guztiek modua ematen diete kooperatibei gaur egungoaren moduko egoera ekonomiko konplexuei aurre egiteko, Fontaneda eta Lopez de Roblesen aburuz. 

    Krisien aurrean, erresilientzia

    Epe laburreko errentagarritasunaren mende ez egoteak gaur egungo ziurgabetasun ekonomikoari aurre egiteko «erresilientzia» handiagoa ematen die kooperatibei. Haien antolakuntzak berak ahalbidetzen du hori: «Akziodunen figura ez denez existitzen, enpresaren lehentasunak proiektuak aurrera jarraitzea eta enpleguari eustea dira», azaldu du Fontanedak.

    Langileen inplikazioa eta konpromisoa areagotzen ditu eredu horrek, Lopez de Roblesen esanetan. Hortaz, testuinguru zailetan, «barne elkartasunerako gaitasuna nabarmena» da, eta, kooperatibek lurraldearekiko duten atxikipena dela medio, krisietan langileen eta tokiko gizartearen ongizatea kontuan hartuta erabaki daitezke «barne berrantolaketak, soldata egokitzapenak eta irtenbiderako estrategiak». Horri esker, ez ohi da joerarik izaten jarduera deslokalizatzeko edo enpresa inbertsio funtsen bati saltzeko, gaur egun enpresa askok nozitzen duten patuaz bestera, Fontanedak oroitarazi duenez. 

    Udapa kooperatiba
    Patatak garbitzen eta aukeratzen Udapa kooperatibaren lantegi batean. MARIO TRUEBA

    Hain zuzen ere, bi fenomeno horien atzean dagoen «kapitalaren kontzentrazioa» da, bien ustez, kooperatibek aurrean duten erronka nagusia. Inbertsio funtsek enpresak «etengabe» erosten dituzten honetan, erabaki ahalmena jatorrizko lurraldetik urruntzen da, eta horrek kooperatiben ereduaren «kontra egiten du guztiz», eredu horren bi oinarri garrantzitsuren aurka, hots, lurraldetasunaren eta etorkizun jasangarriaren aurka baitoa, Fontanedaren iritziz.

    «Talentu falta» da enpresek pairatzen duten beste arazo handi bat, eta, horren aurrean, kooperatiben eredua gazteen artean ezagutaraztea dute helburu baterakoek, «garapen profesionala eta kalitatezko enplegua» eskaintzen dituzten aukera gisa ikus ditzaten profesional gazteek kooperatibak. 

    Etorkizunera begira

    Eredu kooperatiboak baditu bere desabantailak ere, Fontanedak aitortu duenez. «Eredu parte hartzailea den heinean, erabakiak hartzeko abiadura moteldu egiten da», eta horrek kalte egin diezaieke enpresei, erabakiak oso azkar hartzea eskatzen duen egoera ekonomiko honetan.

    Bestalde, merkatu ekonomiaren eta kooperatiben elkarlan balioen arteko kontraesana ere hor dagoela aitortu du Lopez de Roblesek: «Bideragarritasun ekonomikoa, enpleguaren babesa eta bazkideen interesak orekatzea ez da beti erraza». 

    Erronka horiei batera aurre egitea errazagoa delako, hain zuzen, sortu dute Batera elkartea Arabako kooperatibek. Lurraldeko mota horretako edozein enpresari irekita dago elkartea, eta bertara batuko den edozein kooperatibak «arazo eta erronka berrien aurrean laguntza» jasoko du, eta «gizartean duen eragina handitu» ahal izango du, hitzeman du Fontanedak.

    «Oraingoz, oso pozik gaude seion artean», adierazi du Lopez de Roblesek, baina Batera «elkarte irekia» dela azpimarratu du, eta Arabako kooperatiba gehiago gehituko direlako esperantza adierazi du. Ikusteko dago nolako bilakaera izango duen Baterak, baina ez zekitenek jakin bezate: kooperatibismoak badu indarra Araban, eta etorkizunean are indar handiagoa izan dezan lanean ari dira. 

    Iruzkinak
    Ez dago iruzkinik

    Ordenatu
    0/500
    Interesgarria izango zaizu
    Nabarmenduak
    Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA