Gipuzkoan 48.000 sinadura pentsioak osatzeko

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak sinadurak bildu ditu pentsioen zenbatekoak igo ditzaten. Atzo aurkeztu zituzten sinadurak Eusko Legebiltzarrean, eta arrakastatsutzat jo dute kanpaina.

(ID_17471500756045) (/EZEZAGUNA) Pentsiodunen Mugimendua, Donostian, maiatzaren 12an
Donostiako pentsiodunen mugimenduaren mobilizazio bat, maiatzaren 12an. HITZA
Odile Bourguignon Goñi
2025eko maiatzaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak sinadura bilketa abiatu zuen iazko urte amaieran, pentsioak osatzeko euskal sistema bat ezar dezaten. 145.000 sinadura baino gehiago lortu dituzte, eta atzo aurkeztu zituzten Eusko Legebiltzarrean, Gasteizen. Aldarrien artean, gutxieneko soldata eta gutxieneko pentsioa parekatzeko eskakizuna gailendu da. Karlos Etxeberria Gipuzkoako pentsiodunen bozeramaileak kontatu du herrialdean 48.000 sinadura pasatxo bildu dituztela, eta zazpi autobus irten zirela atzo Gipuzkoatik Gasteizera, mugimenduaren aldarriekin bat eginda.

Pentsiodunak 2018az geroztik daude antolatuta Hego Euskal Herrian. Gipuzkoako bozeramaileak dioenez, pentsioak «izoztuta» egon dira urteetan, eta aldaketa bat egongo zela iragarri zuen Espainiako orduko Gizarte Segurantzako ministroak. «%0,25eko igoera ezarriko zuela iragarri zuen, eta horrek haserrea eragin zuen», esan du Etxeberriak. «Plazak hartu genituen, mobilizatzeko deialdi ofizialik egon ez bazen ere». Pentsiodunen mugimendua sortzeko baldintzak ezarri zituen ministroaren jakinarazpen hark, eta gaur egun lurraldez lurralde daude antolatuta; Gipuzkoako pentsiodunak izenpean ari dira Gipuzkoan.

Gutxieneko pentsioa

Urteetako ibilbidean zehar, askotariko aldarriak izan ditu pentsiodunen mugimenduak. Hala nola, pentsioen balioa Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) arabera eguneratu zezatela —gaur egun hala da, baina batez besteko KPIa aplikatzen da erreferentzia gisa, eta ez KPI orokorra—, edo gutxieneko pentsioa igo dezatela. Etxeberriak dio pentsiodunen mugimendua sortu aurretik ere bazeudela gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte osatzeko eskatzen zuten elkarteak: «Mugimenduak bere egin zuen lehenago pentsiodunen elkarteek egindako aldarria».

Gaur egun ere, gutxieneko pentsioa igotzeko borrokan dihardute mugimenduko kideek, baina aldatu egin dute aldarria: gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin pareka dezatela eskatzen dute. Horretarako, Eusko Legebiltzarrarekin eta Nafarroako Legebiltzarrarekin bildu izan dira. Hain zuzen, Etxeberriak adierazi du legeak ezartzeko eskumena Espainiako Estatuak izan arren Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroakoak badutela pentsioak osatzeko eskumena: «Legeak dio gutxieneko pentsiora iristen ez denari osagarri bat eman behar zaiola zenbateko horretara iristeko». Dena den, gutxienekoetarako osagarri horiek kotizaziopeko pentsioen kasuan aplikatzen dira soilik, eta ez dira iraunkorrak, urtero berrikusten baitira.

«Legeak dio gutxieneko pentsiora iristen ez denari osagarri bat eman behar zaiola zenbateko horretara iristeko»KARLOS ETXEBERRIA Gipuzkoako pentsiodunen bozeramailea

Egungo gutxieneko pentsioa 874 eurokoa da —urtean 12.241 euro, hamalau ordainsaritan—. Gutxieneko pentsiora iristeko, ezinbestekoa da Gizarte Segurantzan hamabost urtez kotizatu izana, eta horietako bi urte erretiroa hartu baino lehenagoko hamabost urteetan kotizatu behar dira. Kotizazio gabeko pentsioei dagokienez, gutxienekoa 567,7 eurokoa da —urtean 7.947 euro, hamalau ordainsaritan—. Aldiz, lanbide arteko gutxieneko soldata 1.184 eurokoa da —urtean 16.576, hamalau ordainsaritan—. Gainera, erretiroa hartzeko adina 65 urtetik 67ra luzatu dute.

Aldarriz josita kaleak

Astelehenero elkartzen dira Donostian pentsiodunak. Elkarretaratze bat egiten dute lehendabizi, informazioa ematen dute, testuak irakurri eta manifestazioa egiten dute ondoren. Bertan izan ohi da Karlos Etxeberria ere, eta esan du Gipuzkoan asko direla astetik astera mobilizazioak antolatzen dituztenak: «Tolosaldean txandakatu egiten dituzte herriak; bi astez Tolosan elkartzen dira, eta beste bi astez Villabonan. Goierrin batzuetan Lazkaon izaten da elkarretaratzea, beste batzuetan Ordizian, eta, bestela, Beasainen. Baina udalerri batzuek astero egiten dituzte mobilizazioak, gure antzera. Guztira, 22 elkarretaratze gune inguru ditugu Gipuzkoan».

Asteroko mobilizazioez gain, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak sinadura bilketa abiatu zuen iazko urte amaieran. Gipuzkoako bozeramaileak esan du aurten garrantzia eman nahi izan diotela gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzeko aldarriari, baina gogorarazi du azken urteotan askotariko kanpainak abiatu izan dituztela gutxieneko pentsioa aldarrikatzeko; adibidez, 2021eko Gipuzkoako bizikleta martxa edo 2023ko baraualdi kolektiboa.

(ID_17471501321215) (/EZEZAGUNA) Gipuzkoako Pentsiodunen Mugimendua, Donostian, maiatzaren 7an
Gipuzkoako pentsiodunen mugimendua, herrietako sinadurak jasota, Donostian, maiatzaren 7an. EHPM

Beste fase batean daude orain: iazko irailean herri ekimen legegile bat aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean, zera eskatzeko: neurriak har ditzatela pentsioen osagarria bermatzeko eta pareka dezatela gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin. Prozesua abiatuta, abendua bukaeran hasi zen sinadurak biltzeko epea, eta maiatzera bitarte iraun du. Guztira, 145.142 sinadura lortu dituzte; horietatik 48.012, Gipuzkoan. Hala, atzo aurkeztu zituzten gutun azalak Eusko Legebiltzarrean, eta agerraldi jendetsu baten laguntza izan zuen kanpainaren amaierak. Hemezortzi autobus abiatu ziren inguruko lurraldeetatik; horietatik zazpi izan ziren Gipuzkoakoak.

«Beharra duten pertsonentzat egindako lege proposamena da, nahikoa izan dezaten bizitzeko. Gainera, pentsioen bidez emandako dirua gizartera bueltatuko da, beharrezko kontsumorako erabiliko baita»KARLOS ETXEBERRIAGipuzkoako pentsiodunen bozeramailea

Etxeberriak aitortu du kanpaina arrakastatsua izan dela eta emaitza positiboak espero dituztela: «Sinadurak balio dute aurkeztu dugun lege proposamena eztabaida dezaten. Guk sinadurak entregatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak txosten bat egin beharko du, eta gero, legebiltzarra osatzen duten taldeek lege proposamena eztabaidatu nahi duten erabaki beharko dute». Gipuzkoako pentsiodunen bozeramailearen aburuz, «larria» litzateke taldeek eztabaidatzeko borondaterik ez adieraztea, uste baitu lege proposamenak «gizartearen babesa» duela frogatu dutela. «Beharra duten pertsonentzat egindako lege proposamena da, nahikoa izan dezaten bizitzeko. Gainera, pentsioen bidez emandako dirua gizartera bueltatuko da, beharrezko kontsumorako erabiliko baita», esan du Etxeberriak.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak azaroan argitaratu zuen herri ekimen legegilearen aldeko manifestua. Gipuzkoan 62 pertsona ezagunek bat egin zuten agiriko aldarriekin; tartean zeuden bertsolariak, askotariko artistak, kirolariak, irakasleak eta kazetariak.

Emakume pentsiodunak

Karlos Etxeberria Gipuzkoako pentsiodunen bozeramaileak dio gizarte zabalari onura ekarriko liokeela aurkeztu berri duten lege proposamena onartzeak. Zehaztu du egun emakumeak direla kaltetuenak, eta, beraz, haiek jasoko luketela onura zabalena: «Datuen arabera, 100.000 lagunengan izango luke eragina lege proposamenak, eta horietatik 65.000 baino gehiago emakumeak dira». Hainbat eta hainbat dira gutxieneko pentsioa jasotzera iristen ez diren emakumeak, lan prekarioak izanagatik, soldata baxuen ondorioz gutxi kotizatu izanagatik, lan partzialak izateagatik edo ordaindu gabeko zaintza lanetan jardun izanagatik; hortaz, Etxeberriak ziurtatu du legea aldatzeak «pentsioen arteko arrakala» ezabatzen «lagunduko» lukeela. «Pentsioetan ere gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortu nahi dugu».

Ezohikoa da etorkinen kasua. Etxeberriak kontatu du haietako askok, sinatu nahi izan arren, ez dutela aukerarik eduki: «Interesa izan duten batzuek ezin izan dute sinatu, errolda edukitzea legezko baldintza delako». Etxeberriak iritzi dio gutxieneko pentsioa igotzeak on egingo diola gizarteari, «justizia» kontua delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.