2028rako eraldatuko dute Lutxanako fabriken arteko bidea, Barakaldon

BEC erakustazokatik Serraltako futbol zelaira arteko zatian, bi noranzkoko errepide bat eraikiko dute, birbilgune bat eta 240 aparkaleku izango dituena. Bidegorria ere egingo dute, eta Serralta eta Gurutzeta arteko lotura hobetuko duen igogailu bat.

Amaia del Campo Barakaldoko alkatea, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Carlos Alzaga, gaur, Barakaldoko Lutxana auzoan. BERRIA
Amaia del Campo Barakaldoko alkatea, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia eta Carlos Alzaga, gaur, Barakaldoko Lutxana auzoan. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Barakaldo
2026ko urtarrilaren 20a
14:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bigarren eraldaketa prozesuan dabil Barakaldo, eta, besteak beste, Lutxana ingurua izango da ardatzetako bat. 57.000 metro koadroko parke bat eta mila etxebizitzatik gora eraikiko dituzte han. Bizkaiko Labe Garaien Sestaoko eta Ansioko lantokiak lotzen zituen trenbide zaharra hala moduzko errepide zahar bat da gaur egun Lutxanan, fabrika arteko errepidea izenez ezaguna. Aurten abiatuko dituzte bide hori eraldatzeko lanak, bigarren seihilekoan. 2028ko lehen seihilekorako bukatzea espero dute. 8,5 milioi euroko aurrekontua izango dute horretarako: sei milioi foru aldundiak ordainduko ditu, eta gainontzekoa, Barakaldoko Udalak. Goizean aurkeztu dute proiektua Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak eta Amaia del Campo alkateak, Carlos Alzaga Azpiegituretako diputatua lagun zutela.

BEC erakustazokatik Serraltako futbol zelaira arteko zatian, noranzko biko errepide bat egingo dute. Serralta zumarkaleak eta Andikollano kaleak bat egiten duten lekuan, berriz, biribilgune bat egingo dute, segurtasuna hobetzeko. Kale osoan, 240 ibilgailurentzako aparkalekuak ipiniko dituzte. Alkateak azpimarratu du inguruko bizilagunen aspaldiko arazoa dela aparkalekuena. Oinezko eta bizikletentzako sarbideak izango ditu kale berriak. Esaterako, igogailu bat ipiniko dute Serralta eta Gurutzeta arteko lotura hobetzeko. Bidegorria ere egingo dute, kilometro batekoa, eta Barakaldoko bidegorri sareari lotuta egongo da. Horrez gain, 59 arbola landatuko dituzte.

Ingurua berroneratzeko, ezinbesteko pausoa izango da errepide berritua, hirigintza eta ingurumen aldetik. Alkatearen esanetan, proiektu «garrantzitsua» da Barakaldoko auzoak lotzeko, irisgarritasuna hobetzeko eta bizilagunen segurtasuna hobetzeko. «Garrantzitsua» da metropoli osorako eta Bizkairako, Etxanoberen aburuz. «Lan hauek Lutxana, Ansio eta BECen arteko konexioa hobetuko dute, trafikoa berrantolatuko dutelako eta ibilbide alternatiboak sortuko direlako», diputatu nagusiaren hitzetan.

Elkarlana

Del Campok erakundeen arteko elkarlana azpimarratu du. «Herritarren bizimodua hobetzeko, ezinbestekoa da erakundeak elkarrekin aritzea, helburu bateratuak izatea eta bizilagunen iritzia entzutea. Barakaldon aspalditik ari gara horrela jokatzen». Azken hamar urteetan Bizkaiko Foru Aldundiarekin ez ezik Eusko Jaurlaritzarekin, Bilbao Ria 2000 sozietatearekin, Bilboko Portuarekin eta Uraren Euskal Agentziarekin batera bultzatu dituzten proiektuak gogoratu ditu alkateak. Bide horretatik, 131 milioi euroko inbertsioa lortu dute udalerrirako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.