Basurtuko ospitaleko kanpo kontsulten eraikin berria 2029rako egongo da prest

Elkarri lotutako eraikin bi izango dira, eta ospitaleko beharginen aparkalekuan eta Bilboko Medikuntza fakultate zaharrean egongo dira. Urrian hasiko dituzte lanak.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Leire Bilbao Osakidetzako zuzendaria, Jesus Larrañaga Bilbo-Basurtu ESIko kudeatzailea eta Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, gaur, Bilboko Basurtuko ospitalean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Leire Bilbao Osakidetzako zuzendaria, Jesus Larrañaga Bilbo-Basurtuko ESIko kudeatzailea eta Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, gaur, Bilboko Basurtuko ospitalean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2025eko irailaren 19a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken urteetan Basurtuko ospitalea garai eta eskaera berrietara egokitzen ari da Osakidetza. Hurrengo, kanpo kontsultetarako gune berria egingo dute. 2029rako egongo da prest. Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur iragarri duenez, urrian hasiko dituzte esparrua egokitzeko lanak, eta ondoren hasiko dira eraikitzen. Horri esker, eguneroko osasun arreta eta obrak bateragarriak izango dira, pazienteei ahalik eta kalte gutxien egiteko. «Osakidetza osasun azpiegituretan egiten ari den berregituraketa handiena da», esan du sailburuak. Ospitaleko beharginen aparkalekua eta EHUko Medikuntza fakultateko eraikin zaharraren zati bat beteko ditu eremu berriak. Osasun Sailak 135 milioi euroko inbertsioa egingo du.

Gaur egun sakabanatuta daude kanpo kontsultak, baina, lanak bukatutakoan, elkarri lotuta egongo diren eraikin bitan egongo dira. Guztira 38.000 metro koadroko eremua izango da. 175 mediku kontsulta, tratamendu gelak, probak egitekoak, erradiologia anbulatorioko eremua eta farmazia zerbitzua egongo dira han, besteak beste. «Azpiegitura berriak beharrezko tokia izango du eskaera gero eta handiagoari aurre egin ahal izateko», nabarmendu du Martinezek. Azpiegitura horrekin arreta modernizatuko da. Tokiak ere berrantolatu ahal izango dira, esaterako, ospitaleratuta dauden pazienteek eta kanpotik kontsultara doazenek barruan topo ez egiteko.

Exterior 01
Basurtuko ospitaleko kanpo kontsuletako eraikin berriak zelakoak izango diren erakusten duen irudia. BERRIA

Lanek iraun bitartean, hainbat aldaketa izango dira ospitale eremuan. Esaterako, Kaputxinoen etorbideko sarrera itxi egingo dute. Horren ordez, erabiltzaileentzako sarbide batzuk egokituko dituzte Gurtubai kaleko izkinan eta Montevideo etorbideko sarreran. Trafikoan ere eragina izango dute lanek. Ospitalera beti sartu ahal izango da autoan, baina ezingo da barruan aparkatu. Ospitalea inguratzen duen erreia ere itxi egingo dute. Taxi geltokia ospitaletik kanpora aterako dute.

Eraikinetako bat langileen aparkalekua dagoen eremuan egongo denez, Bilbo-Basurtuko ESIak akordio bat egin du Bilboko Intermodal geltokiarekin, ospitaleko beharginek Intermodalean aparkatzeko lekua izan dezaten lanek iraun bitartean. Hala ere, Osakidetzak langileei gogorarazi die ospitalea ondo komunikatuta dagoela garraio publikoari esker.

Bilbon bertan, Osakidetzak Boluetako osasun zentroa ere berrituko du. Azpiegitura berriak gaur egungoak baino hiru aldiz azalera handiagoa izango du. Sei solairu izango ditu eraikinak, eta zerbitzu berriak eskainiko dituzte; adibidez, pediatria gune bat eta erditzea prestatzeko beste bat. Osasun etxe berriak ez du ia energiarik kontsumituko, aerotermia sistemari eta eguzki plakei esker. Osasun Sailak bederatzi milioi euroko inbertsioa egingo du.

Durangoko zentroa zehazten

Durangoko Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin bilera izan dute Bilbon, herriko osasun arretarako funtsezkoak diren gaiei buruz berba egiteko. Alberto Martinez Osasun sailburuak esan die Durangoko Gaitasun Handiko Osasun Etxearen proiektuaren idazketa Osakidetzaren 2026ko inbertsio planean sartuko dutela. Gaur egun, osasun etxe berriaren plan funtzionala osatzen ari da. Han zehaztuko dute zer zerbitzu izango dituen osasun etxeak, eta, horren ondoren, proiektua idazteko lizitazioa egin ahal izango dute.

Durangoko osasun anbulantziaren larrialdi zerbitzua medikalizatzeaz ere egin dute berba. Horretarako modua emango duen gailu berri bat jartzeko aukera aztertu dute bileran. Osasun Sailak beharrezkotzat jo du eskualde osoko larrialdi zerbitzua indartzea, eta horretarako zer aukera dauden aztertzen ari direla esan die udaleko ordezkariei. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.