50 urte Gernikan odola ematen

Odolkideak elkarteak zenbait ekitaldi antolatu ditu urteurrena ospatzeko. Hamabost lagun omenduko dituzte gaur: bost emakume eta hamar gizon.

Odolkideak elkarteak emaileei egindako omenaldia, 2022an, Gernikan. ODOLKIDEAK ELKARTEA
Gernika-Lumoko Odolkideak elkarteak 2022an herrian bertan odol emaileei egindako omenaldia. ODOLKIDEAK ELKARTEA
Leire Rodero
Bilbo
2025eko ekainaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gernika-Lumoko Odolkideak odol emaileen elkarteak 50. urteurrena ospatuko du aurten. Urteurren ofiziala abenduan izan zen, baina, biharko Odol Emaileen Nazioarteko Egunaren aitzakian, 50 urte horietako aurrerapenei omen egongo diete gaur, baita urteetan konpromisoa hartu duten odol emaileei ere. Horrez gain, elkarteak aldizkari bat argitaratu du, eta 50 urteak biltzen dituen erakusketa bat atondu.

Amagoia Lopez de Larruzea Zarate Odolkideak elkarteko arduradunak azaldu duenez, Gernikan 1974ko abenduaren 7an atera zuten lehen odol poltsa. «Bizilagun talde baten ekimena izan zen; tartean, nire gurasoena. Beharrezko gestio guztiak egin zituzten Gernikan odola eman ahal izateko». Harro kontatu du 74 donazio egin zirela egun hartan, eta prentsan atera zela albistea.

Garai hartan Estazioko plazan egiten zituzten odol emateak. Urte askoan bertan egon ziren, baina espazioa murriztuz joan zen. «Lehengo autobusak teknikoki ez zeuden gaurkoak bezain prestatuta», kontatu du. «Hala, 2002an, lekua aldatu behar izan genuen». Geroztik, Mutua plazan ematen da odola.

Ordutik, 50 urte igaro dira, eta 40.700 donazio baino gehiago egin dituzte. «Denbora honetan, elkartean beti egon da konpromiso handiko jendea». Lopez de Larruzearen aburuz, oraindik ere elkartasun grinari bizirik eusten dioten boluntarioak daude.

datuak

 
1.077

 

Iaz 1.077 aldiz eman zen odola Gernika-Lumon; 675 gizonek eta 402 emakumek eman zuten. Haien artetik, 117 emaile berriak izan ziren.

 

400 

 

Euskal Autonomia Erkidegoan laurehun plasmaferesi emate behar dira egunero. Horrek esan nahi du urtean 50.000 eta 60.000 pertsona inguruk eman behar dutela plasma.

Ane Maruri Aransolo Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza-ko kazetaria arduratu da maiatzean argitaratutako aldizkaria idazteaz, Lopez de Larruzeak berak koordinatuta. Odol emateak eskualdean izan duen bilakaera jaso dute, baita herritarrak horretara bultzatzen dituzten motibazioak ere.

Aldizkarian nabarmendutako edukien artean, gazteei eskainitako atal bat dago. «Gernikan iaz 117 emaile sartu ziren elkartera», esan du hango buruak. Horrez gain, Transfusioeta Giza Ehunen Euskal Zentroarekin (TGEEZ) elkarlanean dibulgazio lana egin dutela adierazi du. Gernika BHI, Barrutialde BHI eta Mertzede ikastetxeetan formakuntzak eta ikastaroak eman dituzte gazteenentzat. Ikasleek odola emateko adinik ez duten arren, helburua da haiek sentsibilizatzea.

«Pertsona baten 75-100 odol emate lortzeko, gutxienez 25 urte igaro behar dira, huts egin gabe. Normalena 35-40 urte behar izatea da»

AMAGOIA LOPEZ DE LARRUZEAGernika-Lumoko Odolkideak elkarteko arduraduna

Aldizkarian plasmaferesiaren garrantzia ere jorratu dute. «Plasma odolaren funtsezko osagaia da tratamendu mediko askotan; batez ere, larrialdietan eta hemofilia bezalako gaixotasunetan», azaldu du Lopez de Larruzeak. «Lanean ari gara Gernikak bere plasmaferesi makina izan dezan. Ez dira ohiko emateak egiteko makinak, baina beharrezkoa dela uste dugu. Oraingoz, odol osoa besterik ez da ematen, baina plasmaren bidez etekin handiagoa atera dezakegu».

75-100 aldiz odola emanda

Ekainaren 20ra arte, Gernikaldean odola ematearen historia errepasatzen duen erakusketa bat egongo da Gernika-Lumoko kultur etxeko Elai Alai aretoan. 50 urte hauetako argazkiak, dokumentuak eta material historikoak biltzen ditu.

Gaurkoa emaileei egindako 11. omenaldia izango da, baina aurrekoak baino ekitaldi handiagoa izango da. 75-100 aldiz odola eman duten hamabost lagun omenduko dituzte: bost emakume eta hamar gizon. Odolkideak elkarteko kideak azpimarratu du ez dela erraza kopuru horietara iristea. «Pertsona baten 75-100 odol emate lortzeko, gutxienez 25 urte igaro behar dira, huts egin gabe. Normalena 35-40 urte behar izatea da». Kontuan hartu beharreko hainbat faktore aipatu ditu: gaixotasunak, haurdunaldiak eta edoskitze aldiak. «Emakumeek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola; gizonek, lau aldiz».

199650 ODK saridunak Azahara Martin AA83 001(2)
Odolkideak odol emaileen elkarteko kideak, 1996an, Gernika-Lumon. BIZKAIKO HITZA

Autobusa hilabeteko lehenengo bi astelehenetan azaltzen da Gernika-Lumoko plazara, goizez eta arratsaldez. Astelehenak egun «arraroak» direla nabarmendu du Lopez de Larruzeak: «Astelehenetan merkatua izaten da, eta jende gehiago etortzen da herrira; horregatik aukeratu genituen astelehenak». Gaurko omenaldian, aukera egongo da azken unean odola eman nahi duenarentzat.

«Elkartasun olatua»

Hunkituta gogoratu du elkarteko buruak iaz Gernikan bizitako «elkartasun olatua». «Herriko gazte bati leuzemia diagnostikatu zioten, eta herritarren erantzuna berehalakoa izan zen». Lopez de Larruzeak adierazi du oso hilabete «indartsua» izan zela, eta bizilagun askoren pentsamoldea aldatu zuela egoerak. «Ilara luzeak egoten ziren odola emateko».

Pertsona askorentzat, odola ematen hasteko arrazoia gertuko egoera bat izaten da. «Transfusio bat behar izan duen norbait ezagutzea da ohiko arrazoi bat». Behin hasita, jende askok jarraitzen du. «Dohaintzak adikzio moduko bat sortzen du, ondo sentiarazten gaituen keinu altruista bat delako. Odola ematea erabakitzen dutenei esker bakarrik lor daiteke hau guztia, eta milaka bizitza salbatzen dira urtero».

Elkarteak, bere 50. urteurrena dela eta, komunikazio kanpaina indartsua egin du, logo eta dibulgaziorako material berria sortuta. «Izan ere, 50 urte ez dira urtero betetzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.