50 urtetik gorakoen inkestan LGTBI kolektiboko kideen beharrez ere galdetuko du Bizkaiko Diputazioak

Bizi Luzetasunaren eta Zainketen Behatokia sortu du foru aldundiak, 50 urtetik gorako herritarren errealitatea eta beharrak ezagutu eta azterketa horien emaitzetan oinarritutako politika publikoak bultzatzeko.

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguneko manifestazioa, Bilbon, iazko ekainaren 28an. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguneko manifestazioa, Bilbon, iazko ekainaren 28an. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
URDULIZ
2026ko ekainaren 30a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

LGTBI kolektiboaren aspaldiko aldarrikapena den arren, ezkutuan egon den errealitatea izan da, Maspalomas filmak (2025) ageriko bihurtu duen arte. Erakunde publikoak ere hasi dira horretaz jabetzen. Bizkaiko Foru Aldundiak 50 urtetik gorako kolektiboko kideen beharrez ere galdetuko du aurrerantzean, Naiara Artaza Bizi Luzetasunaren eta Erronka Demografikoaren Bizkaiko zuzendariak iragarri duenez. «Bizi luzetasunaren ikuspegitik, gai garrantzitsua da, harreman sare ezberdinak dituztelako. Esaterako, ikusi dugu transak askotan bakarrik egoten direla; ez dutela izaten zainduko dituen inor».

Bizi Luzetasunaren eta Zainketen Behatokia sortu du diputazioak, 50 urtetik gorako herritarren errealitatea eta beharrak ezagutu eta azterketa horien emaitzetan oinarritutako politika publikoak bultzatzeko. Egingo duten lehen azterlana pertsona nagusien premiei buruzko inkesta bat izango da, eta horretan txertatuko dute irizpide berria. Nagusi Intelligence Centerrek Urdulizen duen egoitzan aurkeztu diete behatoki berria sektoreko hainbat eragileri, gaur goizean egindako jardunaldi batean.

Amaia Antxustegi Bizkaiko Gizarte Ekintza diputatua, gaur, Urdulizko Nagusi Intelligence Centerren. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Amaia Antxustegi Bizkaiko Gizarte Ekintza diputatua, gaur, Urdulizko Nagusi Intelligence Centerren. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Artazak iragarri duenez, hiru ardatz izango ditu behatokiak: aztertu, aurrea hartu eta oinarritu. «Dinamika demografikoen analisia egingo dugu, adinekoak ezagutzeko lehenengo gazteak ezagutu behar direlako, etorkizuneko joerak zeintzuk izango diren jakiteko. Soilik horrela lortuko dugu ebidentzian oinarritutako neurriak eta praktikak diseinatzea. Izan ere, politika publikoek eragina izan behar dute pertsonengan». Amaia Antxustegi Gizarte Ekintza diputatuaren esanetan, publikoa ulertzeko modu» baten emaitza da: «Erreakzionatzeko ez dugu itxaroten arazoak handiagoak izan arte; aurrea hartu, garaiz erantzun, gertatzen ari dena ondo ulertu eta arduraz jardun behar da».

Behatokiaren abiapuntu teorikoa goizean aurkeztu duten txostena da: 50 urteko eta gehiagoko pertsonen ezaugarriak eta egoera Bizkaian. Mende erdia bete duten bizkaitarrei buruzko datu bilketa bat egin dute horretarako, eta Gizarte Informazio eta Ikerketa Zerbitzuko teknikari Ainhoa Carcavillaren esanetan, ondorioa argia da. «Aldaketa demografikoa sakona da, egiturazkoa, heterogeneoa eta etengabe behatzea behar duena».

%91

Euren jabetzako etxean bizi direnak. 50 urtetik gorako bizkaitarren %91 euren jabetzako etxean bizi da. Adinean gora egin ahala, gero eta gutxiago dira alokairuan bizi direnak. Hamarretik bederatzi hiru etxebizitza edo gehiago dituzten eraikinetan bizi dira. Herenen etxeak 60 metro koadro baino gehiago ditu.

Gaur egun, bizkaitarren %46k dituzte 50 urte edo gehiago, eta 3031rako herritarren erdiak izango dira. Hala ere, lurraldeari erreparatuta, populazioan du pisua ez da iguala eskualde guztietan. Uribe Kostan gutxiago dira, baina esanguratsuagoak dira Lea-Artibain eta Bilbon. Oro har, ikusi dute pertsona nagusiak batez ere hiriguneetan bizi direla, eta landa ingurukoek zailtasun gehiago dituztela zerbitzu publikoetara iristeko.

Nagusi Intelligence Center sortu zenetik, 50 urteak ipini zituzten adin muga moduan, nahiz eta beste erakunde batzuek 65 urteak erabiltzen dituzten. Artazaren esanetan, horrek zaildu egiten du beste erakunde batzuen estatistikekin alderaketak egitea, baina, aldi berean, adin tarte garrantzitsu bat sartzen du diputazioaren azterketetan: «Gauza potoloenak 50 urtetik gora pasatzen dira, eta, gainera, oraindik lanean daudenak ere kontutan hartzen ditugu». Hala ere, adin horretatik gorakoak ez dira talde bateratu bat.

Adinean gora

Urteak bete ahala, egoera eta beharrak aldatuz joaten dira, Carcavillak nabarmendu duenez: «50 eta 64 urte artekoak jarduera betean daude, lan egonkorra dute eta haien artean ez da generoaren araberako hezkuntza arrakalarik izaten. 65 eta 79 urte artekoen errenta mailak behera egiten du jubilazioaren ondorioz, eta adin tarte horretan agertzen dira lehen gaixotasun kronikoak. 80 urtetik gorakoak, batez ere bakarrik bizi diren emakumeak dira eta mugikortasun arazoak izaten dituzte askotan».

Azterlanaren arduradunak nabarmendu duenez, osasuna ez da egun batetik bestera ahultzen. Urteak bete ahala, gero eta gaixotasun kroniko gehiago daude. %91k sendagaiak hartzen dituzte. Herenek antsietatea edo depresioa dute. 75 urtetik gorakoen artean, adin horretatik beherakoen bikoitza dira mugikortasun arazoak dituztenak.

Ostera, 50 urtetik gorakoek gazteagoek baino pobrezia arrisku txikiagoa dutela ikusi dute, batez ere seme-alaba adingabeak haien kargura dituzten gurasoekin alderatuz gero. Carcavillak nabarmendu duenez, kontutan hartzekoa da hori, «pobrezia heredatu» egiten delako: hau da, guraso horiek eta haien seme alabek zahartzaroan zaurgarri izateko aukera gehiago dituzte, eta oraingo nagusiek baino babes behar handiagoa izan dezakete. Gaur egun, EAEko gastu sozialaren %66 50 urtetik gorakoek egiten dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA