Ekoizleek, oro har, beti dituzte arazoak, ezinak eta gainditu beharreko trabak, eta, Iñigo Iturregi abeltzainak kontatu duenez, bere sektoreak ere baditu. Baina, hala ere, baikor agertu da. «Abeltzaintza ez dago sasoirik txarrenean. Kostuak apur bat normaldu dira, eta okelagatik eta esneagatik ordaintzen digutena hobetu da», azaldu du.
Ekoizleentzat topalekua eta erakusleihoa da Gernika-Lumoko (Bizkaia) urriko lehen asteleheneko azoka, eta han izan da Iturregi. Gamiz-Fikan (Bizkaia) du ustiategia. Ez du ganadurik eroan goizean egin duten behi piriniotarren 38. sariketara. «Denbora asko behar da prestatzeko. Hona etortzen direnak dauden abelburu onenak izaten dira genetikoki». Hego Euskal Herriko hamalau ustiategitako 109 buru lehiatu dira, eta, azken urteetan legez, Jon Koldo Bikandi iurretarrak eskuratu ditu sari nagusiak: ustiategi onena, ar heldu onena eta eme heldu onena.
Ramon Narzabal Zaldibiatik (Gipuzkoa) etorri da Gernikara, Garikoitz semea laguntzera. Duela hamarkada bi, enpresako lana utzi, eta abeltzain hasi zitzaion semea. «Amak disgustua hartu zuen, baina nik hasieratik babestu nuen», gogoratu du. Gaur, Gernikan lehiatu dira. Semea gosaltzera joan den bitartean, aita geratu da Santa Anako karpan ganadua zaintzen eta beste abeltzainekin berbetan. «Ez da kontuan hartzen zenbat kostatzen den haragia ekoiztea. 1.400 euro balio du txahal batek, eta gero gizentzeko egin duzun inbertsioa. Zuri haragiagatik zenbat ordainduko dizuten ikusita, ez da errentagarria».
250Zallako Mauka Eguneko azokan erakutsi diren animaliak. Zallan, 80. Mauka Eguna egin dute, egungo ereduan. Berez, urriko azoka Erdi Arotik egiten dute herrian. Enkarterriko hogei abeltzainek 250 buru eroan dituzte: behiak, ardiak, zaldiak, astoak, ahuntzak eta txerriak. Nekazari eta eskulangileen erakusmahaiak ere ez dira falta izan. Urtero legez, Zallako tipula morea izan da barazkietan nagusi.
Ondorioz, gero eta gehiagok txahala jaio eta sei hilabetera saltzen dute, okeletarako hazteak dakartzan kostuak aurrezteko. Narzabalek azaldu duenez, Espainian Euskal Herrian baino errentagarriagoa da txahalak loditzea, eta askok hara saltzen dute. Baita Afrika iparraldera ere. Esaterako, Iturregik kontatu duenez, behi piriniotarren okelaren eskaera handia dago Aljerian eta Marokon. «Hemen jaiotzen eta ekoizten dena hemen saltzea eta kontsumitzea nahi genuke guk. Horretarako dugu Eusko Label zigilua». Baina abeltzainentzat errentagarriagoa da kanpora saltzea, Gamiz-Fikako ekoizlearen arabera: «Herrialde horietan hainbesteko eskaera dagoenez, hemen baino gehiago ordaintzen digute».
Belaunaldi berriak
Iaz, protestan ibili ziren ekoizleak. Hainbat aldarrikapen egin zituzten. Ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak eta eragileek lehen sektorea suspertzeko plana adostu zuten. Baina burokraziagatik kexu ziren, eta Bizkaian hiltegi baten beharra dagoela ohartarazi zuten, esaterako; arazo horiek berdin jarraitzen dutela esan du Iturregik. Lekukoa hartuko dien gazteen premia ere badago. Hala ere, behi piriniotarrak hazten dituztenen artean beste ekoizle batzuen artean baino gazte gehiago daude. «Nahikoa izango dira?», egin du galdera, baina ez du asmatu erantzuna ematen. Gamiz-Fikako abeltzainak kezka agertu du hamar urte barru zelan egongo den. «Gazte bat zerotik hastea oso zaila da, inbertsio itzela egin behar duelako».
Orozkoko (Bizkaia) Uztaritz Arbaizak familiako ganadua eroan du Gernikara, eta sari birekin itzuli da etxera: ar eta eme onenarenak. 25 urte ditu. Aitaren izenean dago ustiategia, eta han egiten dute lan 22 urteko anaiak eta hirurek. Aitak erretiroa hartzen duenean, anaia biek jarraituko dute. Hala ere, argi dute abeltzaintzaz gain beste lanen bat ere beharko dutela. «Honetatik bakarrik ezin da bizi». Gustuko dute abeltzaintza, baina aitaren ustiategia izango ez balute, ezingo lukete horretan jardun: «Korta bat egitea sekulako dirua da. Gero traktorea behar duzu, makinak... Zerotik hastea ezinezkoa da». Ekainean, Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek ustiategiak gazteen esku uzteko laguntzak onartu zituzten adineko ekoizleentzat.
Zapatuan, azoka nagusia, Markina-Xemeinen
Lea-Artibaiko ekoizleek zapatuan izango dute urteko hitzordu printzipala: Urriko Azoka Nagusia, Markina-Xemeinen. 73 postu egongo dira, hainbat produkturekin: barazkiak, frutak, gaztak, eztia, baserriko ogia, txakolina eta txerrikiak, besteak beste. Euskadiko 28. Blonda Txapelketa ere egingo dute. Txandaka antolatzen dute Markinak eta Azpeitiak (Gipuzkoa), eta aurten Bizkaian egitea egokitu da. Bizkaiko ustiategi bik eta Gipuzkoako lauk 85 bat buru eroango dituzte. Blonda haragitarako behi arraza bat da, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan mila buru daude, 38 ustiategitan banatuta.
Azken egunetan beste kezka bat gehitu zaie abeltzainei, eta gaur denen ahotan izan da Gernikan: dermatosi nodular kutsakorraren agerraldi baten berri eman du Kataluniako gobernuak. Ustiategiko 123 abelburuak sakrifikatuko dituzte, eta 50 kilometroko erradioan ganadua ezingo da mugitu. Sekulako galerak eragingo ditu. «Oraingoz, Euskal Herrian ez da agertu, baina, seguruenik, etorriko da, eta oso kezkatuta gaude», esan du Iturregik.
Mihi urdinaren aldaerarik larriena ere agertu da Bizkaian, baina horrek beldur gutxiago eragiten die abeltzainei, txertoarekin kontrolatu dezaketela uste dutelako. Arbaizak kontatu duenez, aurten arazoak izan dituzte erditzeetan, eta ohi baino behi gehiago dituzte erren. «Ez dakigu zer den, baina bada zerbait». Duela hiru urte gaixotasun hemorragiko epizootikoa izan zen abeltzainen buruhaustea. «Behiak hil ziren, abortuak izan zituzten... Galera handiak izan genituen. Txertoa badago, baina ez dirudi oso eraginkorra denik. Zorionez, iaz eta aurten ez dugu kasurik izan Bizkaian».