Abian da Kirolur, Bizkaia kirolaren Europako lurralde bihurtuko duen urtea

Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat kirol jarduera eta topaketa antolatu ditu urte osorako. Bizkaitarrak kirol jardueretara hurbiltzea lortu gura du.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Zuberoa Egurrola arraunlaria eta Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskara eta Kirol diputatua, beste hainbat kirolarik inguratuta, atzo, Bilboko Foru Jauregian. BERRIA
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Zuberoa Egurrola arraunlaria eta Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskara eta Kirol diputatua, beste hainbat kirolarik inguratuta, atzo, Bilboko Foru Jauregian. BERRIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko urtarrilaren 23a
09:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kirol eta lur berbak batuta sortu dute Kirolur izena, Bizkaiak 2026ko Europako kirol lurralde moduan erabiliko duen goiburua. Ekitaldi handietatik harago, egunero-egunero jarduera fisikoa egiteko modua ematen duen kirol sarea izango da lehentasuna, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak adierazi duenez. Bart iluntzean Bilboko Foru Jauregian sare horren ordezkariei harrera eginda abiatu dute hamabi hilabeteko egitarau mardula. Klubek, federazioek, teknikariek, boluntarioek, familiek, kirolari profesionalek eta oinarrizko kirolariek osatzen dute sarea, eta haiek izan dira ekitaldiko gonbidatuak. Haien lana eskertzea eta aitortzea izango da diputazioaren helburua aurten. 

ACES Europe Europako Kirol Hiri eta Hiriburuen Elkarteak eman dio izendapena Bizkaiari, eta elkarte horren ordezkariek eman zieten atzo izendapenaren bandera lurraldeko agintari eta kirolariei, Bilbon bertan. Etxanoberekin batera, Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskara eta Kirol diputatua eta herrialdeko hainbat kirol zinegotzi izan ziren, beste agintari batzuez gain. Zuberoa Egurrola arraunlariak eroan zuen bandera oholtzara, eta harekin igo ziren beste hainbat kirolari ere: Silvia Santos golfaria, Imanol Loizaga atleta, Ainhoa Meñaka boccia jokalaria, Naia Goñi igerilaria, Nerea Sanz herri kirolaria, Maren Ganuza eskubaloi jokalaria, Kemen Romero futbolaria… 

Egutegian izan ohi diren lehiaketa, proba eta ekitaldiez gain, Bizkaiak aparteko programa bat izango du urte osoan. Bizkaitarrak kirol jardueretara hurbiltzea lortu gura du foro aldundiak, ahaldun nagusiaren esanetan: «Kirola jarduera fisiko osasungarri modura ulertzen dugu, ongizate fisiko eta emozionala ematen duena, baina, batez ere, harreman sozialak eta komunitatea eraikitzen dituena. Horregatik, kirolaren Europako lurralde izendapena, beste ezeren gainetik, hori posible egin duten milaka pertsonari egindako aitortza da».

Atzo hasi zuten Bizkaian Kirolur, eta egunotan ofizialki aurkezten dabiltza lurraldeko udalei eta teknikariei, haiekin estrategia bateratuak sortzeko, indarrak batzeko eta erakundeen arteko lankidetza sare bat finkatzeko. Otsailean eta martxoan, Bizkaiko kirol egutegian ohikoak diren jarduerak egingo dira, baina kutsu berezi batekin: Bizkaialde Gala eta Bizkaia Kirolak sariak. Aurten, Bizkaiko kirolaren atzean dagoen ahalegin kolektiboaren aitortzan jarriko dute arreta, oinarritik hasi eta eliteko kirolarietaraino. Era berean, garrantzi berezia izango dute eskola kiroleko finalek. Final horiek baliatuko dituzte bizitza ohitura osasungarriei, berdintasunari eta joko garbiari buruzko funtsezko mezuak indartzeko.

Ohiko eta ezohiko hitzorduak

Abendura bitarte, ia hilero ekitaldi bereziren bat egingo dute Bizkaian: Pasa baloia, neska izeneko andreen futbol txapelketa, Deiadar mendien eguna, Egokirol kirol egokituaren jaia, Bizkaiko eskola kiroleko finalak, Bizkaiko herrien arteko kirol liga, Emakumeak Bizkaiko Gailurretan mendi igoera eta Nagusilariak adineko aktiboen astea, besteak beste.

Horrez gainera, aurten martxan jarriko dira sektoreko profesionalei, udal arduradunei, federazioei eta kirolariei zuzendutako jardunaldi teknikoak, mintegiak eta topaketak. Nork bere esperientziak besteei kontatzeko eta Bizkaiko kirol sistemaren etorkizunari buruz gogoeta egiteko aukera izango dute. Hainbat gai aztertuko dituzte: kirol ekitaldien jasangarritasuna, genero berdintasuna, elbarrien inklusioa, berrikuntza azpiegituren eta kluben kudeaketa, eta kirolak gizarte kohesioan eta osasun publikoan duen egitekoa.

Bizkaian goi mailako hainbat kirol lehia jokatzen dituzte urtero, eta batzuetan nazioarteko ekitaldi handiak ere antolatzen dituzte. Aurten, Europako J80 Bela Txapelketa egingo dute, Getxon, eta Challenge Cup eta Investec Champions Cup Europako taldekako errugbi txapelketetako finalak, Bilboko San Mames zelaian. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.